Larunbatean
Xilaba bertsolari txapelketako finala gaur jokatuko da
eitb.eus
Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko bosgarren txapelketaren finala Baionako Lauga gelak hartuko du, larunbatean, 17:00etatik aurrera. eitb.eus-en ikusi ahalko da.
Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Odei Barroso, Sustrai Colina eta Xumai Murua bertsolariak Xilaba Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko txapelketan lehiatuko dira larunbatean, hilak 12, 17:00etatik aurrera, Baionako Lauga gelan. eitb.eus-en ere ikusi ahalko da finala.
Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen txapelketako bi finalaurrekoetan puntu gehien metatu dituzten sei bertsolari horiek egongo dira aurrez aurre larunbatean, eta lan honi aurre egin beharko diote :
Seikotearen lana (15na bertso puntuagarri)
Agurrak
8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso
8ko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso
Banaka, 3 punturi erantzun
10eko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso
Kartzelan bakarka, gaia emanda hiruna bertso, doinu eta neurri librean
Buruz burukoa (9na bertso puntuagarri)
6ko motzean ofiziotan, hiruna bertso
8ko txikian ofiziotan, hiruna bertso
Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertso, doinu eta neurri librean
Agurrak
Horietan guztietan ondoen aritzen den bertsolariak jantziko du txapela larunbatean. Gainera, kantaera aberatsena erakusten duen finalistak Txato saria jasoko du.
Finalerako sarrerak Internet bidez eros daitezke, 15 euroan.