BTN 2017
Maialen, bigarrenez
EITB.EUS
1.756 punturekin, Maialen Lujanbio Zugastik irabazi du bere bizitzan bigarrenez Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Aitor Mendiluze izan da bigarren 1.680,5 punturekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Maialen Lujanbiok irabazi du 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusia. Aitor Mendiluze izan da bigarrena eta Sustrai Colina hirugarrena. Horien atzetik, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre sailkatu dira.
Bertsozaleek biziki gozatu duten finala bizi izan da gaur BECen. 14.600 lagunen aurrean kantatu dute bertsolariek eta txaloak, irribarreak eta emozioa nagusi izan dira.
Askoren iritziz, goizean goizetik nabarmendu da Maialen eta, azkenean, berea izan da garaipena. "XXI. mendeko bertsolaririk onena" dela ere entzun diogu Uxue Alberdi Finaleko esatariari. Hauek izan dira puntuazioak:
#BTN17 Lujanbio 1756; Mendiluze 1680,5; Colina 1137,5; Arzallus 1136; Elortza 1124; Sarriegi 1107,5; Gaztelumendi 1076,5; Agirre 1072,5
— Bertsozale Elkartea (@Bertsozale) 2017(e)ko abenduak 17
Sebastian Lizasok jantzi dio garailearen txapela Maialen Lujanbiori, eta belaunaldi berriei nahiz transmisioari eskaini die hernaniarrak.
Maila handiko finala izan da, bizia, eta bertsoaldi gogoangarriak utzi dituena.
Buruz burukoa
Maialenek eta Aitor Mendiluzek jokatu dute buruz burua. Aurrena, "izerdia" hitzari kantatu behar izan diote bertsoa, eta ondoren, ondoko gaiari: "bada orduerdi auto bat daramazula atzetik. Bikain aritu da Mendiluze, baina jendea ahulkitik altxatu du Lujanbiok:
Arratsaldeko saioa
Azkar joan da arratsaldeko saioa. Hiru lan puntuagarri egin behar izan dituzte zortzi finalistek (Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Aitor Mendiluzek) buruz burukora nor joango zen erabaki aurretik.
Sei puntuko motzean, Maialen berak eta Amets Arzallusek egindakoa izan da nabarmenenetako bat:
Eta zortziko txikian, puntuka, algara ugari entzun dira BECen, Sustrai Colina eta Igor Elortzaren saio honekin, besteak beste.
Banaka, gaia emanda, Maialen izan da onena dudarik gabe:
Goizeko saioa
09:00etan, puntual, ireki ditu Barakaldoko BECek ateak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala hartzeko. Goiztiar ibili da jendea eta ilara luzeak izan dira hasieratik. Goizeko saioa 11:15ean hasi da eta 14:40 aldera amaitu da. Bazkaltzeko tartearen ostean, 16:30ean berrekin diote lehiari.
Hemen dituzue goizeko saioa hasi aurretik botatako agurrak, bakoitzak bere itxaropenen berri emanez:
Saio polita izan da goizekoa, bost ariketa puntuagarri egin behar izan dituzte, eta ohiko gai sakonez gain, umoreak ere izan du lekurik BECen:
Kartzelako gaiarekin amaitu da goizeko bertso festa eta Aitor Sarriegi zein Maialen Lujanbioren bertsoaldiak izan dira txalotuenak:
Milaka lagunek jarraitu dute final handia bai BECetik, bai telebistan, bai Internetez ere. #BTN17 traola bolo-bolo ibili da Twitterren eta "erkin" izan da dudarik gabe eguneko hitza. Igor Elortzak taularatu du lehenbizi eta bertsozaleen artean txutxumutxu, txio eta harridura sortu duen terminoa, lau aldiz erabili dute gero finalean.
20:00ak aldera jakin da nor izango den Euskal Herriko bertsolari txapelduna 2021 arte.
Maialen Lujanbiok historia egin zuen 2009an, txapela janzten zuen lehen emakumea bihurtuz, eta historia egin du bigarrenez, berriz ere irabaziz.