Itxi

Asteburuan

Arantza eta Algortan bihotza gazte, aste honetan Hitzetik Hortzeran

Hitzetik Hortzera

Josu Martinez izango da asteon gonbidatua Hitzetik Hortzeran eta programaren mamia bi saio umoretsutatik aterako dute.

Ez dute berehalakoan ahaztuko Arantzan Alaia Martinekin eta Miren Amurizarekin egindago bertso afaria. Bi neska gazteek errepaso galanta eman zioten Ekaitza elkartean bildutako entzule-jendeari, batzuk lotsa-gorrituz eta gainontzekoen irri karkailak askatuz. Gainera Zappingean Arantzan bertan, 1992ko irailean, Andoni Egaña eta Jon Sarasuak egindako saio gogoangarria berreskuratuko dute; Sarasuak bertso-kantua utzi nahi zuen, saioaren luzeagatik akituta-edo, eta Egaña berriz gerrarako, ekin eta ekin.

Kupela, Lazkano eta Gorrotxategi
ALBE, Algortako bertso eskolak, urte mordoska daramatza Bihotza Gazte izeneko saioa antolatzen Pipers taberna irlandesean. Bertsolari beteranoentzat propio sortutako plaza da eta giro itzela izaten dute urtero. Aurten Izarraizpetik ekarri dituzte Jose Luis Gorrotxategi eta Imanol Lazkano. Festa konpletoa izateko azken urteetan Kupela taldea ere gonbidatu fijoa izaten dute eta behin hara joanda Anjel Larrañaga ere presto jarri ohi da bertso kanturako panderoa utzi ahala. Numero dotoreak grabatu zituen HHko lantaldeak.

“Titiriteroa” platoan
Josu Martinez izango du alboan Jon Artano Hitzetik Hortzerako aurkezleak. Bilboko sortzaile gazteak Bertsolari aldizkariko koordinatzailea izateko beta ere hartzen du eta berriki kaleratuko den udazkeneko alearen edukiak aurreratuko ditu platoan. Gainera udan Palestinako bertsolariekin izandako hartuemanaren irudiak ere ekarriko ditu.

Bainujantziak eta laneko buzoak
Bertsoa.com-ek Ataunen jasotako bertsoaldi zirtolaria ere emango dute. Iban Urdangarin eta Anjel Mari Peñagarikano bainujantzitan elkarri begira jarri zituen Jon Aizpurua gai-jartzaileak Ataungo San Martin jaietako bertso saioan. Zuri-beltzekoan Euxebio Igartzabalek laneko buzoari pare bat bertso zorrotz.