Aste honetan
Xenpelar sariketaz Anjel Mari Peñagarikanorekin Hitzetik Hortzeran
Hitzetik Hortzera
Oñatiko saioko eta Ahobi galako bertsoak ere emango dituzte.
Agin Rezolak irabazi du XX.ez jokatu den Xenpelar Sariketa. Alaia Martin, Haritz Casabal, Julio Soto, Odei Barroso eta Aitzol Barandiaran izan zituen bertsokide Errenteriako taulatuan. Barandiaran ataundarrarekin jokatu zuen buruz burukoa Rezolak. Azkenean astigarragarra gailendu zen eta eta Anjel Mari Peñagarikanok jantzi zion txapela. Peñagarikanok 1980an irabazi zuen Xenpelar sariketa eta 30. urtemugan omenaldia egin diote Xenpelar bertso-eskolak eta Ereintza kultur-elkarteak, lehiaketaren antolatzaileek. Hain zuzen ere Peñagarikano izango da asteon Hitzetik Hortzerako platoan. Errenteriako saioko gora beherak (abenduko saiokoak eta duela 30 urteko arratsalde hartakoak ere bai) komentatuko ditu Jon Artano aurkezlearekin. Peña gazteak txapela jantzita bota zuen agurra argazki ederrez jantzi dute Zuri-beltzekoan. Zapping-ean ere Xenpelar Sariketako beste une gogoangarria erakutsiko dute: 1992an Jexux Mari Irazuk irabazi zuenekoa.
AHOBI galan Trino Azkoitiari eta Joseba Santxori omenaldia
Iragan abenduaren 12an AHOBI gala ospatu zuten, urtero legez, Algortako Casinoan. Bertsolaritzaren alde egindako lana saritzeko Ahobi sariak banatzen ditu Algortako Bertso Eskolak (ALBEk) urtero. Aurten berezia izan da ekitaldia duela 30 urte ALBE sortu zenetik ekinean ari diren Trino Azkoitia eta Joseba Santxo omendu dituztelako. Festan bertso saio sui generisa ere izan zen. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina eta Jon Maiari Trinoren eskola zaharreko gisara kantarazi zieten eta.
Oñatiko saioa, zozketa eta bideojokoa
Oñatin errege bezperan Sebastian Lizaso, Sustrai Colina, Jexux Mari Irazu, Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta Peñak berak egindako saioko zenbait bertsoaldi ere erakutsiko dituzte, azken txapelketa nagusiko liburu eta DVD sorten zozketa egingo dute eta Bertsoz Bertso bideojokoa ere aurkeztuko dute programan.
Igandean, 21:00ean, etb1n. Eta, oso-osorik, lehenagotik ikusgai eitb.com-en.