Itxi

Artikulu bilduma

'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburua argitaratu du UEUk

eitb.eus

Leer en Castellano

Miren Artetxek eta Ane Labakak orain arte egindako hausnarketak bildu eta etorkizunerako gogoetak zabaldu nahi dituzte liburuaren bidez.

Ane Labaka eta Miren Artetxe, 'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' liburuaren egileak

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 'Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen' izenburuko liburua argitaratu du, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolari eta ikertzaileen koordinaziopean.

Gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da liburuaren helburu nagusia, alde batetik, egin diren eta egiten ari diren zenbait ikerketa eta hausnarketari leku propioa egin eta ikusgarritasuna emateko eta, bestetik, etorkizuneko gogoetak bideratu, zorroztu, osatu zein zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatzeko.

Liburuaren abiapuntua iaz Iruñean egin zen 'Bertsolaritza genero ikuspegitik' UEUko udako ikastaroa da, eta Artetxek eta Labakak esan dute, azken batean, bertsolaritzari perspektiba feminista batetik begiratuz orain arte egin diren lan batzuen bilduma egitea izan dela beren lana.

Horrela, liburuan parte hartu dute Izar Alguerók ('Sofatik oholtzara'), Uxue Alberdik 'Bertsoraino (Kontrako eztarritik lanaren alderdi teorikoa)', Maider Arregik ('Sofatik oholtzara'), Miren Artetxek ('Emakume bertsolari garaikideak. Ahalduntze-prozesu baten kontaketa'), Maite Berriozabalek ('Gaien garrantzia errealitate eta diskurtsoen eraikuntzan'), Mari Luz Esteban Galarzak ('Begirada bat bertsolaritzara feminismotik'), Jone M. Hernándezek ('Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu-bidean') eta Nerea Ibarzabalek ('Naturaltasunaren azpiko guztia').

Halaber, Oihana Iguaranek ('Emakumeak bertsogintzan: gai izatetik gai izatera'), Ane Labakak ('Irribarre erditik irribarre osora. Bertsolaritzan garatutako umorea(k))', Carmen Larrañagak ('Bertsolaritza: maskulinitatearen habitat'), Maialen Lujanbiok ('Arbola hazten, azala zartatzen. Azken 40 urteak bertsolaritzan: bertso-eskolaren sorrera eta emakumeen sarrera'), Maite Martinezek ('Sofatik oholtzara'), Elixabete Perezek ('Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandre feminista?'), Iratxe Retolazak ('Bertsolari emakumeak vs idazle emakumeak: kultur esparruak, kultur autoritateak eta genero-logikoak') eta Harkaitz Zubirik ('Altzairua. Kristala. Material organikoa') ere artikulu bana idatzi dute libururako.