Donostian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak final parekidea izango du aurten lehen aldiz
eitb.eus
Jon Maia nagusitu zen atzo jokatu zen hirugarren eta azken finalaurrekoan. Abenduaren 14an izango da hitzordu handia, Donostia Arenan.
Lau emakume eta lau gizon lehiatuko dira aurten lehen aldiz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Abenduaren 14an izango da hitzordu handia, Donostia Arenan, eta orduan jakingo da nork jantziko duen Gipuzkoako txapela.
Atzo, igandea, Jon Maia nagusitu zen Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen hirugarren eta azken finalaurrekoan, 494,5 punturekin, eta finalerako zuzeneko txartela lortu zuen zumaiarrak. Berarekin batera, Oihana Iguaran Barandiaran (471 puntu), Beñat Lizaso Alberdi (469,5 puntu), Jokin Uranga Isuskiza (456,5), Iban Urdangarin Lardiazabal (444 puntu) eta Haritz Mujika Lasa (432 puntu) aritu ziren.
Ondorioz, erabakita geratu da jada nortzuk izango diren finalean kantatuko duten bertsolariak: Agin Laburu Rezola (Arrasateko irabazlea), Beñat Gaztelumendi Arandia (Oiartzungo irabazlea), Jon Maia Soria (Tolosako irabazlea), Alaia Martin Etxebeste (puntuazioz lehenengoa), Ane Labaka Mayoz (puntuazioz bigarrena), Oihana Iguaran Barandiaran (puntuazioz hirugarrena), Beñat Lizaso Alberdi (puntuazioz laugarrena) eta Nerea Elustondo Plazaola (puntuazioz bosgarrena).
Ildo horretatik, Labaka, Lizaso eta Elustondo lehen aldiz izango dira aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Donostia Arenan jokatuko den hitzordu horretarako sarrerak salgai daude jada, Internet bidez.