''Bertsoa hauspotzeko''
Hiru Bertso Egun antolatu ditu Bertsozale Elkarteak urteari ekiteko
N.V. | EiTB Media
Urtarrileko ohiko hitzorduaz gain, beste bi saio antolatu dituzte, “plaza biziberritzeko apustuaren” barruan. 2019arekin alderatuta, % 60 jaitsi da saioen kopurua 2020an.
Bertsozale Elkarteak gogotsu ekingo dio 2021ari, amaitzear den urtea baino hobea izango den itxaropenez. Horregatik, “bertso plaza hauspotzeko” asmoz, hiru Bertso Egun antolatu ditu urtarril, otsail eta martxorako.
Urtarrilaren 30ean egingo da lehena Hazparnen (Amets Arzallus, Elixabet Etxandi, Maialen Akizu eta Sustrai Colina); otsailaren 13an, Iruñean (Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira); eta hirugarrena, martxoaren 27an, Getarian (Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi).
Aretoan ez ezik (Mendeala, Gayarre eta Balenciaga museoa, hurrenez hurren, 12 euroko txartelak ordainduta), Internetez (5 euro) ere jarraitu ahalko dira saioak.
700 saio galduta, 2020an
Bertsozale Elkarteak zehaztu duenez, 2019an egin ziren hamar bertso saioko, lau egin ziren 2020an, % 60 gutxiago.
Jaialdiek (bertsolariak oholtzan eta haien aurrean ikus-entzuleak) eutsi diote ondoen pandemiaren kolpeari, eta lagunarteko eta libreko saioek jaso dituzte kalte handienak, otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituztenak.