Bertsolaritza
Arrasateko kanporaketa eta Bertso Eskolen Eguna, Hitzetik Hortzeran
Jon Sarasua izango da gonbidatua eta G-Puntuko finalaurrekoen berri emango du asteon Hitzetik Hortzerak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen berri emango du asteon Hitzetik Hortzerak. Lehen kanporaketa Arrasateko Uarkape pilotalekuan izango da larunbatean. Han izango dira kantuan: Beñat Gaztelumendi, Agin Rezola, Alaia Martin, Felix Zubia, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia, Egoitz Aizpuru gai-jartzaile dutela. Saioa amaitu bezain pronto, oholtzan bertan, Artanok eta Sarasuak bertsoaldirik onenak eta protagonisten iritziak aztertuko dituzte. Gainera Tolosako Usabalen, igandean bertan, jokatuko den bigarren finalaurrekoan gertatzen denaren azken ordukoa ere emango dute.
Zuri-beltzekoan ere Gipuzkoako Txapelketa: 1962an Lazkao Txiki eta Mitxelena puntu erantzuten. Bidalitakoa Usurbilgo Bota Punttuba Bertso Eskolari esker: Udarregi Sariketako finala. Bertan aritu ziren Ane Labaka, Martin Rezabal Olaso, Luix Otamendi, Patxi Etxeberria, Aitzol Barandiaran eta Maialen Velarde.
Bestalde, azaroaren 12an Lesakan ospatutako Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko laburpena ere ekarriko dute. Goizeko bertso poteokoak batetik; eta bazkalostean Linddurrenborda sagardotegian Jon Martinek eskainitako bertso jarriak bestetik.
Hitzetik Hortzera, igandean 22:30ean etb1n, eta bezperatik eitb nahieran-en.