Gayarre antzokian
Urteko lehen Bertso Eguna, larunbatean Iruñean
N. V. | EITB Media
18:00etan hasita, Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira arituko dira, Gayarren. Bertatik bertara eta streamingez jarraitu ahalko da saioa.
Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai-jartzailea elkartuko dira 2021eko lehen Bertso Egunean, Gayarre Iruñeko antzokian, otsailaren 13an, larunbatarekin.
Emanaldia bertatik bertara (txartelak agortuta zeuden, baina azken orduan 150 gehiago jarri dituzte salgai) eta Internet bidez (ordainduta) ikusi ahalko da, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko dute parte.
Antzokirako sarrerak Gayarreren webgunean daude eskuragai, 12 euroan, eta Internetez zuzenean ikusi nahi duenak www.bertsosarrerak.eus atarian eros ditzake, 5 euroan.
Hiru Bertso Egun
Bertsozaleek itxaron egin behar izan dute, aurten, Bertso Eguna ospatzeko, urtarrilean izaten baita. 2021ean, baina, hiru hitzordu izango dira, martxoan eta maiatzean ere Bertso Egunak ospatuko baitira, Getarian eta Hazparnen hurrenez hurren.
Bertsozale Elkartea bertsolaritzarentzat ere zailak izaten ari den garai honetan “bertso plaza indartzeko” egiten ari den apustuaren parte dira saio hauek.