BERTSOLARITZA
Saioa Alkaizak ezustekoa eman eta 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi du
EITB Media
Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Xabat Illarregi eta Xabier Silveirari gailendu zaie Anaitasuna kiroldegian jokatutako saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Saioa Alkaizak irabazi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatutako finalean, eta Estitxu Arozenaren eskuetatik jaso du txapela. Hain zuzen ere, Arozenarekin hasi zen bertsotan gazte iruindarra, eta hark txapela eskuratu eta 26 urtera hartu dio lekukoa.
Eneko Fernandez Maritxalar, Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Xabat Illarregi Marzol eta Xabier Silveira Etxeberria bertsolariei gailendu zaie iruindar gaztea, finalean parte hartu duen lehenengo aldian.
Julio Soto buruz burukotik kanpo geratu da, kiniela guztiek iragartzen zutenaren aurka, eta Eneko Lazkoz sartu da Alkaizarekin batera.
Hau izan da puntuazioa:
-Saioa Alkaiza Guallar: 995
-Eneko Fernandez Martinez: 992
-Julio Soto Ezkurdia: 627,5
-Joanes Illarregi Marzol: 596
-Xabier Silveira Etxeberria: 592,5
-Xabat Illarregi Marzol: 582,5
-Josu Sanjurjo Altzuri: 580,5
-Eneko Fernandez Maritxalar: 573
Hauxe izan da Saioa Alkaizak txapela jasotakoan bota duen agurra:
Besarkada bat langile auzoetako aldera
erdaldunen seme-alabok hor ikasi dugu euskera
eta mundu bat da jaso duguna horrekin batera
euskerak behar du ofiziala Lesakatik Cascantera
Eta orain musu handi bat iraultza den gorputzera
ez-bitarra, querra, transa, marika eta bollera
mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera
Urriaren 2an hasi zuten txapelketa 29 bertsolarik, Izaban, eta, Tafallatik, Zangozatik, Doneztebetik, Altsasutik, Berriozartik eta Leitzatik pasatu ondoren, gaur jokatu da finala.
"Biba zuek!" saioan
Asteleheneko "Biba Zuek!" saioan, txapelduna izango dute platoan Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek, 18:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.