Finala, ekainaren 11n
Arabako Bertsolari Txapelketa iritsi da
N. V. | EITB Media
Asteburuan, seina bertsolarik lehen faseko lehen hiru saioak jokatuko dituzte Amurrion (apirilak 1), Guardian(apirilak 2) eta Trebiñun (apirilak 3).
Amurrion, ostegunean Korrikaren abiada hartu zuen herrian, hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketaren hamabosgarren edizioa, apirilaren 1ean, ostiralarekin. Aitor Najerak, Eukene De los Airesek, Iñaki Viñasprek, Paula Amilburuk, Unai Andak eta Xabier Antiak kantatuko dute kultur etxean.
Guztira, bost saio egongo dira lehen fasean, Amurrioko honetaz gain, beste lau Guardian, Trebiñun, Legution eta Iruña Okan ere egingo baitira.
Guardiakoa apirilaren 2an izango da, 17:30etik aurrera, eta kantatuko dute Aitor Ugartek, Ander Aranburuk, Asier Otamendik, Manex Agirrek eta Unai Gomezek. Asteburua ixteko, apirilaren 3an, igandearekin, final zortzirenetako hirugarren kanporaketa jokatuko dute Trebiñun bertsolari hauek: Andere Arriolabengoa, Asier Rubio, Danel Herrarte, Irati Anda, Oier Arbina eta Xabier Igoa.
Txapelketan parte hartzen duten 30 bertsolariek behin baino ez dute kantatuko fase honetan. Saioko garailea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera, eta gainerakoak faseko puntu metaketaren arabera sailkatuko dira final laurdenetara. 18 bertsolari lehiatuko dira fase horretan.
Finala ekainaren 11n izango da, Gasteizen.