Itxi

Parte-hartzaileen zerrenda

Bertsolari Txapelketa Nagusia badoa mamitzen

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Arabako Txapelketa atzeratu egin zutenez, oraindik ez dakite zein arabar bertsolarik parte hartuko duten irailaren 24tik aurrera Txapelketa Nagusian. Horien faltan, parte-hartzaileen zerrenda argitaratu dute antolatzaileek.

Saioa Alkaiza Nafarroako txapelduna Txapelketa Nagusian izango da. Argazkia: Efe.

Jakina zen 2022ko Txapelketa Nagusia irailaren 24an Getxon abiatu, eta Iruñean, Nafarroa Arenan, bukatuko dela, abenduaren 18an. Orain, parte-hartzaileak zein izango diren iragarri dute.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko protagonista nagusiak, bertsolariak, zein izango diren badakigu. Udazkenean lehian izango diren bertsolariek lurraldeetako txapelketetan irabazi dute bere tokia, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, 2021ean amaitutako Bizkaikoan, Nafarroakoan eta Xilaban (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa).

Arabako Bertsolari Txapelketa, baina, atzeratu behar izan zuten, neguko osasun egoera tarteko, eta ekainean amaitzen denean irekiko zaie sailkatuei izena emateko aukera.

Arabarren faltan, beraz, hauek dira orain arte Bertsolari Txapelketa Nagusian izena eman duten bertsolariak:

Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amaia Iturriotz Etxaniz, Amets Arzallus Antia, Ane Labaka Mayoz, Asier Azpiroz Iztueta, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Iguaran Amondarain, Eneko Lazkoz Martinez, Eñaut Martikorena Lizaso, Gorka Pagonabarraga Agorria, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Apalategi Astigarraga, Iñigo Mantzizidor Larrañaga, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Julio Soto Ezkurdia, Maddalen Arzallus Antia, Maialen Akizu Bidegain, Maialen Lujanbio Zugasti, Miren Amuriza Plaza, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Elustondo Plazaola, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Oihana Iguaran Barandiaran, Onintza Enbeita Maguregi, Patxi Iriart Hiribarren, Saioa Alkaiza Guallar, Sustrai Colina Acordarrementeria, Unai Agirre Goia, Unai Gaztelumendi Arandia, Unai Mendizabal Jauregi, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Xabier Silveira Etxeberria.

Jon Maiaren agurra

1993tik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartu eta gero, Jon Maia bertsolariak iragarri du ez duela aurtengo txapelketan parte hartuko, "beste norbaitek hartuko du nire lekua". "Aurtengoan bat gehiago izango naiz txaloka. Azken agurra izango zela jakin gabe Amurrion nire azken kanporaketan esan nuen bezala, Euskal Herriko plazetan elkartuko gara", esan du ohar batean.

Ekainaren 22an emango ditu txapelketari buruzko xehetasun gehiago Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak.

Albisteak (4)