Irailaren 24an hasiko da
Ekainaren 23an jarriko dituzte salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak
Antolatzaileek ekainaren 22an aletuko dituzte Txapelketako zertzelada guztiak, Bilbon, eta biharamunetik aurrera erosi ahalko dira sarrerak, finalekoak barne.
Ekainaren 22an, Bertsozale Elkarteak Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztuko du Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Lehenago, baina, aurreratu dute biharamunetik, ekainaren 23tik, aurrera erosi ahalko direla saioetako sarrerak; 09:00etan jarriko dituzte salgai.
Lehen saioa irailaren 24an izango da, Getxon, eta finala abenduaren 18an, Iruñean.
Nafarroa Arenako finalerako sarrerei dagokienez, hiru sarrera mota izango dira eskuragai: harmaila, errebotea eta pista. Prezioa berdina izango da, baina ezingo da eremu batetik bestera pasatu.
Bertsozale Elkarteko bazkideek sarrerak prezio hobean izango dituzte Txapelketa osoko saioetan, eta ekainaren 23tik 30era arte bermatuta izango dute finalerako sarrera.