Bertsolaritza Txapelketa
Bertsoen jira, hastear
EITB MEDIA
2022ko Bertsolaritza Txapelketa Nagusia aurkeztu dute Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). Gainera, txapelketari doinua jarriko dion kanta ere ezagutarazi dute, Nerea Erbitik eta bere taldeak osatutakoa.
Irailaren 24an abiatuko du bere ibilbidea 2022ko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiak, Getxon. Halere, txapelketaren hasierako txupina pizteko aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo, osteguna, Amasa-Villabonan (Gipuzkoa).
Aurkezpenean, Gontzal Agote txapelketaren antolatzaile taldeko kideak azken urteetako egoera zaila ekarri zuen gogora, baita txapelketa atzeratzeko arrazoia ere: "Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antolatzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena".
Ildo horretan, Agotek azpimarratu du bete beharreko baldintzak badaudela txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna "sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko".
Txapelketari sintonia jarri diote
Atzo ere, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia izango den kantua aurkeztu zuten. Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du bere taldearekin batera, eta hementxe dago entzungai.
Lehenengo saioak
Irailaren 24an eta 25ean abiatuko da Txapelketa, Getxon eta Arrasaten, hurrenez hurren. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, eta egunean bertan ere erosteko aukera egongo da.