Txapelketa Nagusia
Joanes Illarregi izan da nagusi Arrasateko bertso saioan
N. V. | EITB Media
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen faseko bigarren saioa jokatu da gaur Amaia antzokian. Illarregik finalaurrekoetarako sarrera jaso du.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioa egin zuten bart arratsean, Amaia antzokian, Arrasaten, 700 lagunen aurrean, sarrera guztiak salduta.
Miren Amuriza Plaza, Iñaki Apalategi Astigarraga, Xabat Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol eta Gorka Pagonabarraga Agorria bertsolariek kantatu zuten, azken orduko bat dela eta Xabat Illarregik Xabier Silveiraren tokia hartu baitzuen.
Saioa bukatutakoan, Joanes Illarregik zuen puntu gehien pilatuta, 678 puntu, eta haren atzetik gelditu ziren Saioa Alkaiza (673), Iñaki Apalategi (664), Xabat Illarregi (659), Miren Amuriza (646,5) eta Gorka Pagonabarraga (616).
Horrela, Joanes Illarregik Elizondoko finalaurrekoan kantatuko du urriaren 22an, Unai Agirrerekin eta Alaia Martinekin batera. Gaurko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.
Asteburuan beste ekitaldi bi izango ditu txapelketak: larunbatean, Gotaine-Irabarnen, eta igandean, Gasteizko Europa Jauregian.