Itxi

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Alaia Martin garaile Elizondon, finalaurrekoetako lehen saioan

Olatz Prat | EITB Media

729,5 puntu batu ditu Martinek eta zuzenean lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Bigarren izan da Joanes Illarregi 711 punturekin eta hirugarren Agin Laburu 677rekin. 1.400 bertsozale elkartu dira Baztan pilotalekuan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alaia Martinek irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoa, Elizondon, eta gaurko saioa irabazita, zuzenean lortu du bigarren itzulirako txartela. Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. 

Elizondoko Baztan pilotalekuan bertatik bertara gozatu dute saioaz 1.400 bertsozalek eta hainbatek jarraitu ahal izan dute saioa etxetik EITB-k eta Bertsozale Elkarteak lankidetzan eskainitako zuzeneko emankizunari esker.

Unai Agirre Goia, Joanes Illarregi Marzol, Iñaki Apalategi Astigarraga, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste eta Onintza Enbeita Maguregi aritu dira gaurkoan Amaia Castorene Lurok jarritako ariketekin lanean. 

Ariketa guztiak egin ondoren, Alaia Martin izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 729,5 puntu batu ditu. Jarraian geratu dira Joanes Illarregi 711 punturekin, Agin Laburu 677 punturekin, Unai Agirre 652,5 punturekin, Onintza Enbeita 639,5 eta Iñaki Apalategi 623 punturekin.

Zortziko txikian berdindu egin dute Martinek eta Illarregik eta puntutan ez du egunik onena izan lehenak, baina zortziko handian, seiko motzean eta batez ere ganbarako ariketan gainerakoei atera dien alde nabarmenak zuzen-zuzenean eraman du oiartzuarra gaurko sailkapenaren gorenera.  

Beste bost bertsolariek hurrengo saioen zain geratu beharko dute aurrera egingo duten ala ez jakiteko.

Epaimahaiari dagokionez, Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta izango dira fase honetako epaimahaikideak.

Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik. Lehen bezala, binaka aritu dira zortziko handian eta txikian lehenengo. Gero, berriz, puntuka egin dute zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso bota dituzte ostean. Azkenean, ganbarako lana egin du seikoteak: "Eskua hartu dizu. Indartsuago sentitu zara".

Hurrengo finalaurrekoa, Donibane Garazin

Urriaren 29an izango da hurrengo finalaurrekoa, hurrengo larunbatean, Donibane Garazin. Bertan kantatuko dute Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak, Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain.

Bideoak (1)