Bertsolari Txapelketa Nagusia
Sustrai Colina nagusitu da Irungo finalaurrekoan
Olatz Prat | EITB Media
710 puntu lortu ditu urruñarrak eta Baionan ariko da azaroaren 26an. Nerea Ibarzabal izan da bigarren 673 punturekin eta Jone Uria hirugarren 660,5 punturekin. 2.510 lagun bildu dira Irungo Ficoban
Your browser doesn’t support HTML5 video
Sustrai Colinak irabazi du gaur Irungo Ficoban jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, finalaurrekoetatik hirugarrena, hain zuzen, eta hurrengo faserako txartela lortu du hala urruñarrak. Finalaurrekoetako bigarren itzulian, Baionan ariko da azaroaren 26an. 2.510 bertsozale bildu dira erakustazokan.
Maialen Belarrak jarritako gaiei erantzunez, 710 punturekin gailendu da Colina gaurko saioan, 8ko handian, 8ko txikian eta, bereziki, ganbarakoan egindako lan bikainari esker. Bigarren izan da Nerea Ibarzabal, 673 punturekin, eta hirugarren Jone Uria, 660,50 punturekin; laugarren postuan Miren Artetxe gelditu da 644,50 punturekin, bosgarren Maddalen Arzallus 635 punturekin eta, Ane Labaka seigarren, 631,5 puntu bilduta.
Gaurkoan bost emakume eta gizonezko bat oholtzan izanik, garrantzia berezia hartu du emakumeen presentzia horrek eta bertsotan nabaritu da hori hasiera-hasieratik, Ane Labakak lehen bertsoan abestu duen gisan "gaur ez da inor 'saioko neska'".
Epaile lanetan, fase osoan bezala, Ainhoa Arregi, Bakarne Urreaga, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Joseba Beltza, Joseba Santxo eta Maialen Berra aritu dira.
Hurrengo hitzordua, Durangon
Finalaurrekoetako lehen itzuliko laugarren eta azken saioa Durangoko Landako gunean jokatuko da, gaur zortzi, azaroaren 12an, 17:00etatik aurrera.
Gaurkoan ez bezala, gizonezkoak izango dira gehiengo Durangoko saioan. Kantuan ariko dira Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Aitor Bizkarra, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.
Antolatzaileek emandako argibideen arabera, hogeita lau bertsolari lehiatuko dira guztira fase honetan: izena eman duten 2017ko bost finalista eta lehen faseko saioetatik sailkatuko diren hemeretzi bertsolari.
Bi itzuli izango ditu jokatzen ari diren finalaurreko faseak: lau finalaurreko jokatuko dira lehen itzulian eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, eta lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.
Finalaurrekoen lehen itzulian 16 bertso puntuagarri dira eta bigarrenean 14. Dena den, lehen itzuliko saioek 15 bertsoren balioa izango dute, puntukako ariketan lau bertso osatu arren, hiru baloratzen direlako.