Finala, abenduaren 18an
Iñaki Muruak jantziko dio txapela Txapelketa Nagusiko txapeldunari
N. V. | EITB Media
Bertsozale Elkarteak bertso munduan, oholtzan, plazan zein sustatzaile gisa, egindako lana eskertu nahi dio gabiriarrari.
Iñaki Murua Jauregi bertsolari eta bertsolaritzaren aldeko ekintzaileak (Gabiria, 1956) jantziko dio txapela abenduaren 18an, Nafarroa Arenan, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren irabazleari, Bertsozale Elkarteak iragarri duenez.
Bertsolari gisa, Murua 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta finalera iritsi zen 1986koan eta 1989koan. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995eko txapelketetan ere.
Gainera, 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen.
Lan hori guztia jendaurrean eskertu nahi izan diote, "egindako lana itzulezina bada ere".