Abenduak 18, Iruñean
Dena gertu, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako
N. V. | EITB Media
13.000 lagunek Nafarroa Arena beteko dute igandeko finalean, nor baino nor gehiago egongo direla Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bertsolari Txapelketa Nagusia igandean, abenduak 18, bukatuko da hiru hilabeteko lehiaren ondoren. Finala Iruñean jokatuko da, Nafarroa Arena pabilioian, 13.000 pertsonaren aurrean.
Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi edo Sustrai Colina Acordarrementeria. Zortzi bertsolari horietatik batek jantziko du txapela igandean 20:30 aldera.
13.000 pertsonak ikusiko dute bertatik bertara Nafarroa Arenako saioa, 11:00etatik aurrera (ateak bi ordu lehenago irekiko dituzte). Beteta egongo da espazioa; sarrera guztiak salduta zeuden irailerako.
Azken lau finalak Barakaldon, BECen, egin eta gero, aurtengoa Iruñean egingo dute, pandemiaren erruz, zegokiona baino urtebete geroago. "Esangura politiko fuertea du hemen egiteak, oso planteamendu garrantzitsua da bertsogintzaren partetik eta, oro har, kulturgintzaren ikuspegitik", adierazi du Maialen Lujanbio egungo txapeldunak espazio aldaketari buruz.
Lujanbiok azpimarratu du, halaber, zortzi finalistetatik hiru emakumeak izatearen pisua: "Esangura politiko handia dauka horrek ere, ez niretzat bakarrik, ez emakumeontzat bakarrik, baizik eta hemen gauden zortziontzat, bertsogintzarentzat eta kulturgintzarentzat".
Iñaki Murua Jauregi izango da finaleko irabazleari txapela jartzeko arduraduna. Bertsolaria ez ezik, bertsolaritzaren bultzatzaile handia izan da Murua, baita Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen presidentea ere 2005etik 2018ra.
EITBk finala osorik eskainiko du ETB1n, eitb.eus-en eta Youtubeko bere kanalean.