Itxi

Elkarrizketa

Maialen Lujanbio: "Nire ibilbidea ez da askoz luzeagoa izango txapelketen bide honetan"

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela jantzi eta bi egunera, bertsolari hernaniarrak adierazi du ez duela erabakirik hartu nahi oraindik, baina garbi duela ez duela luzaroan ikusten bere burua txapelketen bidean.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handian garaipena eskuratu ostean, Maialen Lujanbio bertsolaria "Faktoria" saioan izan da astearte honetan, hirugarren txapela etxera eramateak eragin dizkion zirrara eta gozamena Euskadi Irratiko entzuleekin partekatzeko. Elkarrizketaren amaieran, baina, aurreratu du ez duela bere burua askoz luzaroago ikusten "txapelketen bide honetan''.

Oraindik ere ajea gainetik ezin kenduta dabil Lujanbio igandeko jardunaren ondotik. Gaur irakurri ditu lehenengoz komunikabideetan argitaratutako artikuluak, eta horiek gainbegiratu ostean konturatu da egindako lanaren eta ahaleginaren "sentsazio prosaikoari" kanpotik jasotako "begiradaren handitasuna" nahastu zaiola: "Bi sentsazio horien arteko oreka bilatu behar dut orain". Horretarako, aitortu du digestio pixka bat behar duela, "oso ezberdina da norbere sentsazioa eta kanpotik egindako irakurketa".

Finalera iritsi ziren zortzi bertsolariei buruz galdetuta, Lujanbiok aitortu du "nahiko erretratu fidela" egin ziola taldeak gaur egungo bertsogintzari. "Inportantea da gure belaunaldiak hainbeste urtean bete duen lekua beste belaunaldi batek hartzea, eta, nola ez, emakumeek plazetan egiten duten ekarpenari aitortza egitea. Hori guztia Iruñean gertatzea ere propio egindako hautua da. Horrek erakusten du bakarkako ibilbidetik harago doan zerbait dela bertsogintza", erantsi du.

Buruz burukoan Amets Arzallus izan zuen lehiakide bertsolari hernaniarrak. "Egunean zehar egindako lanak ez ezik, eskarmentuak, hots, han egoten jakiteak ere garrantzi handia dauka. Horregatik, askotan, beteranoek egiten dute azken jauzi hori", esan du.

"Iruñeko finalean egote hutsarekin helburua beteta nuen, eta argi dago bertsolaritzari zor niola han egotea. Gaiak garaira errotu nahi izan nituen, alegia, ez nituen airean utzi nahi izan", erantsi du.

"Euskara hutsez eta ahots hutsez den jardun batera hainbeste jende gerturatzea izugarria da. Zoritxarrez, gutxitan gertatzen da, eta are gutxiagotan, Iruñean. Urtean zehar, 13.000 pertsona baino askoz gehiago joaten dira euskararen lurralde ertz guztietara bertsoak entzutera. Mugimendua egon badago, herriz herriko bertso eskolaren mugimenduari esker, bertsolaritzaren sare horren parte baitira", azaldu du.

Albisteak (1)

Audioak (1)