Azpeitian
Bertan da Bertso Eguna
N. V. | EITB Media
Urtarrilaren 28an izango da 2023ko Bertso Eguna, Azpeitian. 11:30etik aurrera, afalostera arte bertsoa entzungo da han-hor-hemen.
Urtarrilaren 28an, larunbatarekin, izango da Bertso Eguna, Azpeitian: bertso bazkariak, afaria eta gaueko bertso saioa izango dira bertaratzen direnen gozagarri. Txartel guztiak eskuragai daude.
Goiztiarrenak 11:30ean elkartu, eta kalez kaleko poteoa egingo dute, bertso saio irekiekin. Ondoren, 14:30ean, bertso bazkari ezberdinak egingo dira zenbait elkartetan. Hiru libreko saio izango dira: batean, Jone Uria eta Sustrai Colina ariko dira; bestean, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga.
Bertso saio musikatu bat ere izango da, eta han ariko dira Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura izango dute Gari Otamendik eta Ixak Arrutik. Bosgarren bertso bazkarian, ematen zaizkien gaiei erantzunez ariko dira Andoni Egaña eta Nerea Elustondo.
Afalostean, Elikagunean, Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio librean arituko dira; gaiak jarrita, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi.