Bertsolaritza
Bertsolaritza kultura ondare immaterial izendatzeko prozesua hasi du Jaurlaritzak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragan ekainean iragarri zuen bertsolaritza kultura ondare immaterial izendatzekoak zirela, "bere babesa eta transmisioa bultzatzeko".
Bertsolaritza kultura ondare immaterial izendatzeko prozesua hasi du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur, astelehenarekin, jaso duenez.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragan ekainean iragarri zuen denbora gutxiren buruan izendatuko zutela bertsolaritza kultura ondare immaterial, "bere babesa eta transmisioa bultzatzeko".
1452ko Bizkaiko Foruetan azaltzen da bertsolaritzaren lehen aipamen idatzia, baina XVIII. mendearen amaierara arte ez zen erreferentzia zehatzik agertu.
Berehalakotasuna, baliabide erretorikoak eta gaurkotasunaren ezagutza eskatzen ditu bertsolaritzak, eta, nahiz eta gaur egun kolokan ez egon, desagertzeko arriskua duen elementu gisa definitu dute, "bertso saio bakoitza bakarra eta errepikaezina delako", sailburuak berak nabarmendu zuenaren arabera.
Ezaugarri horiek bat egiten dute 2019ko Euskal Ondare Kulturalaren Legean jasotako kultura ondare immaterialaren definizioarekin.