Itxi

NBT23

Julio Soto txapeldun, seigarrenez

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB Media

Leer en Castellano

1.048,5 puntu eskuratu ditu Sotok, eta Eneko Lazkoz izan da bigarren, 1.045,5 bilduta. Xabat Illarregi Marzol, Joanes Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Saats Karasatorre Martinez eta Sarai Robles Vitas izan dira ondorengoak finalean, ordena horretan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Julio Sotok irabazi du larunbat honetan Iruñean jokatu den 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Seigarren txapela jantzi du, honenbestez, gorritiarrak. Orain arte bost txapela zituen irabazita, 2010, 2011, 2015, 2017 eta 2019an. Azken hartan bezala, Eneko Lazkoz izan da gaur ere bigarrena, hiru puntu eskasera. Biak iritsi dira buruz burukora, eta azken proba hori amaituta, 1.048,5 puntu eskuratu ditu Sotok eta 1.045,5, berriz, Lazkozek.

2.350 lagun bildu dira Iruñean, Anaitasuna polikiroldegian, Bertsolari Finala ikusteko.

Ariketa guztiak amaiuta, honela geratu dira puntuazioak:

Julio Soto Ezkurdia: 1.048,5 puntu

Eneko Lazkoz Martinez: 1.045,5 puntu

Xabat Illarregi Marzol: 635,5 puntu

Joanes Illarregi Marzol: 601 puntu

Saioa Alkaiza Guallar: 594 puntu

Josu Sanjurjo Altzuri: 569,5 puntu

Saats Karasatorre Martinez: 556 puntu

Sarai Robles Vitas: 550,5 puntu

Saioa Alkaiza izan zen aurreko edizioan txapelduna, 2021ean, baina oraingoan ez du txapela irabazterik izan.

Gainean ditugun gatazkei aipamena egin nahi izan die Sotok azken agurrean, horiek guztien gainetik gizakiengan itxaropena duela nabarmenduz:

Israelek Gaza piztien eran

ta mundua bestaldera begira

sahararrak oihuka ari dira

etorkinak egurrezko pateran.

Eskaleak bost zentimo plateran

zenbait nortasun sexual arazo

guk gizonok emakumeei eraso

eta euskara zapaltzaileen ziegan.

Sinetsi nahi dut gizakiarengan

nahiz motiborik ez dugun ematen

nik esperantza dut egunen baten

justizia hasiko dela hegan.

Justizia hasiko dela hegan

nik esperantza dut egunen baten

nahiz motiborik ez dugun ematen

sinetsi nahi dut gizakiarengan.

Hamaikagarren aldiz kantatu du finalean Sotok

Saats Karasatorrek eta Sarai Roblesek lehen aldiz kantatu dute final batean. Julio Sotok, ostera, hamaikagarren finala izan du, eta Eneko Lazkozek, zortzigarrena. Bestalde, hirugarren finala izan da Joanes eta Xabat Illarregi anaientzat, eta bigarrena Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaizarantzat.

Hamabi urtez Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari izan ostean kargua utzi berri duen Alaitz Rekondo Ferrerok jantzi dio txapela Julio Sotori.

Bideoak (1)