Bizkaiko finala
Bilbao Arena eta zortzi bertsolari finalistak, larunbaterako gertu
N. V. | EITB Media
Larunbatean, abenduak 16, jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Aissa Intxaustik, Aitor Etxebarriazarragak, Gorka Pagonabarragak, Jone Uriak, Oihana Bartrak, Onintza Enbeitak, Xabat Galletebeitiak eta Nerea Ibarzabal txapeldunak.
Prest dira Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa; prest finalaren agertokia, Bilbao Arena Miribillako kiroldegia; eta prest Begoña Iturriza, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen izenean txapeldunari txapela jartzeko arduraduna.
Larunbatean 17:00etan hasiko da finala. Lehen atala zortzi bertsolarik jokatuko dute, eta puntuazio altuena duten bi bertsolariak pasatuko dira azken fasera. Atal biak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.
Lehen atalean, hauek egin beharko dituzte: zortziko nagusian, hiruna bertso ofiziotan; zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan; puntua emanda bertso bi zortziko txikian; hamarreko txikian, hiruna bertso ofiziotan; eta, gaia emanda, hiruna bertso bakarka, doinu eta neurri librean.
Buruz burukoan, hau izango dute lana: zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan; seiko motzean hiruna bertso ofiziotan; eta ganbarako lana: gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean.
Finaleko sarrerak salgai daude, 22 euroan.
Bertaratzerik izango ez dutenek zuzenean jarraitu ahalko dute finala, eitb.eus-en eta ETB4n, eta buruz burukoa 21:00etatik aurrera errepikatuko dute, ETB1en.