Itxi

Txapelketa

2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa urtarrilaren 28tik martxoaren 16ra jokatuko da

eitb media

Leer en Castellano

Printzipal Antzokian izango da finala, Gasteizen, hiru final-laurdenen eta bi finalerdi jokatu ondoren.

2024ko Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Arabako Bertsozale Elkarteak 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa aurkeztu du gaur Baranbioko Garrastatxu Txokoan.  

Arabako lehenengo txapelketa jokatu zela 40 urte beteko diren honetan, herrialdeko txapelketa nagusia urtarrilaren 28an hasiko da, Izarrako Kultur Etxean jokatuko den lehen final-laurdenarekin, eta Gasteizko Printzipal Antzokian amaituko da, martxoaren 16an, finalarekin. Tartean, beste bi final-laurden izango dira, Oionen eta Laudion, eta bi finalerdi, Aramaion eta Dulantzin.

Txapelketak egitura hau izango du: Arabako 18 bertsolarik parte hartuko dute, 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten 5 finalistek gehi 2023ko udazkeneko kanporaketetan punturik gehien lortu dituzten lehen 13ak. 18 bertsolari arituko dira final-laurdenetan, 12 pasatu dira finalerdietara eta 6 irisiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Aurreko edizioko irabazlea, Peru Abarrategi, parte-hartzaileen artean egongo da, Manex Agirre txapeldunordea bezalaxe.

Kanporaketetarako sarrerak bertsosarrerak.eus-en eskuratu ahal izango dira, baina finalerako txartelak Printzipal Antzokiaren salmenta-bideetatik erosi beharko dira.

Gainera, ETB4k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute finala.