Itxi

Arabako Bertsolari Txapelketa

Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa

EITB Media

Leer en Castellano

614'5 punturekin gailendu da gasteiztarra. Manex Agirre izan da bigarrena, txapeldunetik pùntu bakarrera, 613,5 puntu bilduta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aroa Arrizubietak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa, larunbat arratsaldean Gasteizko Printzipal Antzokian jokatu den finalean. 

Ariketak bukatuta, 614,5 puntu bildu ditu gasteiztarrak, eta horiekin lortu du txapela. 

Manex Agirrerekin iritsi da buruz burukora, garailetik puntu bakarrera gelditu baita, 613,5 puntu bilduta. Agirrek esan du hau izan dela bere azken txapelketa. 

Paula Amilburu izan da hirugarrena (415 puntu); Peru Abarrategi, laugarren (412,5); Asier Otamendi, bosgarren (410,5); eta Iñaki Viñaspre, seigarren (381,5). 

Gasteizen 2001ean jaiotako Aroa Arrizubietak bere bigarren finala zuen gaurkoa (2019an hartu zuen parte lehen aldiz), eta bera izan da finaleko seikoteko gazteena. Oholtzan izan diren sei bertsolarietako lauk inoiz jantzita zuten Arabako txapela, baina gaur bera aritu da ondoen, eta merezitako txapela eskuratu du. 

Arabako bertsolaritzaren ibilbidean pisu handia duen Xabier Rico Iturriotzek jantzi dio txapela Arrizubietari; izan ere, horrela eskertu nahi izan dio Arabako Bertsozale Elkarteak lurraldeko bertsozaletasunari eman dion eta ematen dion guztia. 1984an, Arabako Lehen Txapelketan parte hartu zuen Ricok, eta, ordutik egundaino, bertsolari, irakasle, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaile moduan aritu izan da. 2019ko kanporaketetan kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan.

Bideoak (1)