Gobernu Kontseiluak onartu du
Bertsolaritza "babes bereziko kultura-ondasun immaterial" izendatu du Eusko Jaurlaritzak
N. V. | EITB Media
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du izendapena. Nafarroan kultur intereseko ondasun izendapena du bertsolaritzak, eta Frantziako Estatuan kultura ondare immaterialarena.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak bertsolaritza babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatzen duen dekretua onartu du. Euskal Autonomia Erkidegoan izendapen hau jasotzen duen lehenengo elementua da bertsolaritza; Nafarroako Gobernuak kultur intereseko ondasun izendatu zuen bertsolaritza 2018an, eta 2022ko azaroan Frantziako Kultura Ministerioak kultura ondare immaterialen katalogoan sartu zuen.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten duenez "kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena".
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2023ko ekainean Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez, bertsolaritza da ondare immaterialaren "adibiderik argiena: belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da".
Gobernu Kontseiluak bertsolaritzaren babes bereziko kultura-ondasun immaterial izendapena onartuta, dekretuaren berri Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, Eudeli eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari emango zaio. Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bertsolaritza Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuko du, eta dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratuko da. Orduan sartuko da indarrean.