Itxi

Azaroak 4 – abenduak 5

Bertsolari Gazteen 32. BBK Sariketa azaroaren 4an hasi eta abenduaren 5ean amaituko da

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

25 urte arteko bertsolariak taldeka lehiatuko dira, Bilbon hasi eta Zornotzan bukatuta. Sei saio izango dira guztira.

Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 32. edizioa izango da

Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren 32. edizioa jokatuko da aurten, azaroaren 4an Bilbon hasi eta abenduaren 5ean Zornotzan bukatuta. Tartean lau saio izango dira, Igorren (azaroak 6), Zallan (azaroak 11), Gernika-Lumon (azaroak 18) eta Mungian (azaroak 20). Txapelketako antolatzailea BBK da, eta laguntzaileak Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Bizkaiko Ikastolen Elkartea.

Ohi bezala, lehiaketaren helbururik esanguratsuena "Bizkaiko bertsolari gazteen plazaratzean laguntzea da, bai eta, besteak beste, sei bertso saio antolatuta euskalgintzari eta kulturgintzari ekarpena egitea ere", gaur zikloaren aurkezpenean azaldu dutenez.

Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldean jokatzen den lehiaketa da, hau da, bertsolariek taldeka hartzen dute parte. Taldeak bi multzotan banatuko dira: Gaztetxoak (A), 18 urte arteko gazteentzat, eta Nagusiak (B), 18 eta 25 urte artekoentzat. A mailakoek, orain arte moduan, hirukoteak osatuko dituzte, eta B mailakoetan aldaketa egongo da eta bikoteka hartuko dute parte.