Itxi

Argizaiola saria

William Douglass, euskal migrazioen behatzailea

Natxo Velez | eitb.com

William Douglass antropologo estatubatuarrak jasoko du aurten Argizaiola saria, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana aintzat hartzeko Gerediaga elkarteak ematen duen goraipamena.

William Douglass. Argazkia: www.jakiunde.org

William Douglass 1939an jaio zen, Renon (AEB), eta Ipar Amerikako mendebaldera joandako euskal herritarren gainean ikerketa gehien egin dituen pertsona da munduan. Renoko Basque Studies Program sortu, eta hiru hamarkadatan gidatu zuen, 2000. urtera arte.

Ikertzaile gisa jardun du bereziki, eta AEBetako euskal kulturaren aditu nagusitzat jotzen dute gehienek. Nolanahi ere, beste esparru batzuk ere jorratu ditu, hala nola identitateari eutsi beharraren inguruabarrak eta, euskaldunoz gain, nazioarteko beste hainbat kulturaren migrazio mugimenduak.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Gaztelania eta Espainiar Literatura ikasi zuen, eta 1963an Euskal Herrira aldatu zen, emaztea eta semea lagun zituela: Etxalarren eta Aulestin egon zen, ikerketak egiten. Baserritarrekin harremanetan jarri zen, eta lagun handiak egin zituen bertoko egonaldian: Julio Caro Baroja, Xabier Amuriza, Emilio Kortabitarte erretorea... 1967an, Gizarte Antropologiako doktoretza lortu zuen Chicagoko Unibertsitatean.

Ibilbide oparoan, 20 liburu baino gehiago eta 100 artikulutik gora idatzi ditu: "Death in Murelaga"; "Amerikanuak, Basques in the New World" (Jon Bilbaorekin batera); "Echalar and Murelaga: opportunity and rural depopulation in two Spanish Basque Villages"; "Beltran: Basque sheepman of the American West"; "Terror and Taboo. The Follies, Fables and Faces of Terrorism" (Joseba Zulaikarekin batera); "Global Vasconia: Essays on the Basque Diaspora"; "Basque Culture: Anthropological Prespectives"; eta "Terrorista nire baitan".

Sari piloa ekarri dizkio jardun profesional nekaezinak. 1984an, EHUk doctor honoris causa izendatu zuen, eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain maila aitortu zion 1998an. Urte berean, Lagun Onari goraipamena eman zion Eusko Jaurlaritzak.

Euskal politikan ere, zeresan aipagarria izan du Douglassek: 2003an, Henri Durant Genevako zentroak eskatuta, ETArekiko bitartekaritza lanak egin zituen.

Halaber, ekologista saiatua da, eta The Nature Conservancy taldea sortu zuen; Durangoko Azokaren bezperatan, Amazonian izan da, ekologiaren alde lanean. Halaber, horrek ez dio denbora kendu Nevadako kasinoen negozioan jarduteko, arbasoen lekukoa hartuta.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)