Itxi

Su Ta Gar, ostegunean Durangon

Aitor Gorosabel: 'Asko disfrutatu dugu disko koloretsua egiten'

Natxo Velez | eitb.com

Su Ta Gar, Euskal Herriko metalaren aitzindariak, bueltan dira estudioko 10. diskoarekin: "Bizirik gaude". Aitor Gorosabelekin, lan horren eta taldearen bide luzearen errepasoa egin dugu.

Su Ta Gar: Xabi Bastida, Galder Arrillaga, Aitor Gorosabel, Igor Díez. Argazkia: Su Ta Gar.

Hogeita sei urte dira dagoeneko Eibarreko lau ikasle gaztek, ilusioa gidari, musika talde bat sortu zutela; ametsak pilatu barik, ametsa gorpuztea erabaki zuten Aitor, Xabi, Borxa eta Asierrek. Seguru asko, lilurarik gozoenean ere ez zuten irudikatuko orduan zapatu arratsaldeetako denbora-pasa horrek hain bide luze eta emankorra ekarriko zienik, emozioz gitarretan marrazten zituzten akorde horien oihartzunak 26 urte iraungo zuenik sendo eta ozen, indarberrituta.

Ogibide, bizimolde, bilakatu zaie musika, eta une mingots batzuk -Borxaren istripua, nagusia- eta une gozo asko atzean utzita ("galdu baino gehiago dugu jaso", esaten dute disko berrian), bidearen hamargarren geldialdira iritsi dira Xabi, Aitor eta Borxa, orain alboan Galder eta Igor dituztela. Bizirik gaude lan biribila aurkezten dihardute han-hor-hemen egunotan, eta Durangoko Azokan dute zaleekiko hurrengo hitzordua, erakusmahaian eta eszenatoki gainean. Abenduaren 5ean izango da kontzertua, Plateruenan.

"Zure baitan" azken kantua amaitu eta berehala diskoa berriz entzuteko gogoa ematen duen lan fresko eta orekatu honen nondiko norakoak aletu genituen Aitor Gorosabel kantari eta gitarristarekin, azaro amaierako goiz hotz batean.

Hilabete da Bizirik gaude atera duzuenetik, distantzia apur bat hartzeko astia eduki duzue. Pozik, emaitzarekin? Zer harrera izan du?

Bai, oso pozik. Egia esan, estudiora sartu aurretik ere bildutako kantu zerrendarekin gustura geunden, baina, gure zorionerako, jende guztiak kritika oso-oso onak egin ditu. Aurreko diskoa (Ametsak pilatzen, 2011) egitea apur bat kostatu zitzaidan, denbora asko baineraman kantak egin barik; oraingoa egiten, ostera, asko disfrutatu dut, gutxiago sufritu dut. Kolore askoko kantak dira, euren artean ezberdinak eta beste diskoetakoetatik ere ezberdinak, nahiz eta gure estilokoak diren. Oso pozik nago.

Zer moduz joan dira orain arteko aurkezpeneko kontzertuak?

Zoragarri, ezin gara kexatu. Espainia aldean egon gara batez ere, eta jende aldetik oso txukun. Euskal Herrian ere, Oñatiko gaztelekua beteta egon zen; Donostian, Gazteszenan, 400 pertsona sartu genituen; Zorrotzako gaztetxean ere ondo... Kostatu egiten da apur bat diskoa atera eta berehala egiten diren kontzertuetan: kantu zerrenda egokitu, jendeak ez ditu kantu batzuk ezagutzen... Baina disfrutatzen ari gara.

"Bizirik gaude", Su Ta Garren diskorik berriena

Batik bat Euskal Herritik kanpo aritu zaretela esan duzu: Madril, Zaragoza, Galizia... Zelakoak izaten dira kanpoko kontzertu horiek? Badago alderik hemengoekin?

Ez, txipa ez dugu aldatzen; beti izaten duzu ahalik eta ondoen egiteko gogoa. Tira, gauza batzuk kontuan edukitzen ditugu: kantarik kantara erdaraz egingo duzula, publiko heavyagoa izaten dela Espainia mailan eta hemengoa, berriz, zabalagoa... Sumatzen dudan alde nabarmenena da jendeak gogo handiagoa izaten duela zu ikusteko, kasu batzuetan. Hemen, batzuek ere sekulako gogoa ikusten dute zu ikusteko, baina, plazetan-eta, kontzertua begiratzera joaten dira beste zenbait, "ea gaur zer egiten duten" ikustera, "ea mantentzen diren" etab. Kanpoan, aldiz, kontzertu esplosiboagoak izaten dira, joaten diren guztiak zale sutsuak dira eta. Hala ere, ezin da esan batzuk besteak baino hobeak direla, ezberdinak dira.

Berezia izango da Durangoko kontzertua? Aurkezpena izaki, disko berriari tarte bereziki handia egiteko asmorik-edo?

Aurkezpen kontzertua izango da. Ez dakit kantu berriekin motz geldituko garen, baina biran orain arte egiten ari garenari eutsiko diogu. Horrela eroso gaude, eta, Durangon kontzertu indartsua eman nahi dugunez gero, ez gara probatan hasiko.

Zelakoa izan zen Bizirik gaude diskoaren konposatze prozesua? Aldatu du teknologiak diskoa ontzeko bidea?

Teknologia nik erabiltzen dut batik bat: maketa, kantuen zirriborroak, egiteko, Pro Toolsekin ibiltzen naiz. Joan den urteko irailean hasi nintzen diskoko kantuak egiten: zirriborro asko eta asko egin nituen, infinitu, eta gero horietatik hamazazpi bat kanta grabatu nituen, taldekideei erakusteko moduan, denok batera lokalean konponketak egin, zatiren bat aldatzeko eta. Azkenean, 10 kantu sartu ditugu diskoan. Oraingoan, kantuen musika eta ia hitz guztiak zehaztuta zeuden maketan.

Zelan planteatzen duzu konposatzeko lana? Gauza asko uzten dituzu kanpoan, Su Ta Garrentzat ezegokiak iritzita?

Bai, badaude baztertzen ditudan gauzak, batzuk suabeegiak iruditzen zaizkidalako, oso tipikoa delako, beste kantu edo talde bat ekartzen didatelako gogora... Bestela, gauza batzuk, hasiera batean, igual ez ditut ikusten Su Ta Garren barruan, baina, benetan gustatzen bazaizkit, autozentsurarik ez egiten saiatzen naiz. "Zure baitan", "Errepide honetan galdurik" edo "Zure albotik urrun banago", adibidez, ez dira metal kantuak, gure estilotzat hartzen denetik kanpo daude, baina gure gustua aurreiritzi horren gainetik dago.

Horrekin lotuta, esango nuke azken bi diskoetan bereziki, askeago jokatu duzuela haize berriagoei tokia egiteko. Baladez haraindi -beti egon dira Su Ta Garren diskoetan ("Zure albotik urrun banago", "Denborak"...) eta honetan ere badago "Zure argia"-, kantu arinagoak, gozoagoak, sartu dituzue azkenaldian ("Kantarik politena",  "Beti tente eta tinko", "Zure baitan" single-a...), pop eskema eta hard rock ukitu handiagokoak. Kantu horiek aurreko diskoetan sartuko ez ziren susmoa dut. Oker nago?

Bai, izan liteke. Niri gustatzen zaizkit talde uniformeak ere, estilo bakarreko disko oso hermetikoak egiten dituztenak, baina gure diskoak ez dira uniformeak, ez baitiogu, esan bezala, geure musikari mugarik jartzen. Gustatzen zaigu aldea egotea diskoan, egotea "Zure baitan" bat, "Ez etsi orain" bat eta "Txakurrak solte" bat... "Bihotzeko sugar hau" ere ezberdina da... Bizirik gaude disko zabala da, oso koloretsua, eta hori gustatzen zaigu.

Arreta eman dit, gainera, oreka horren erakusgarri, ukitu gozoago horrekin batera "Txakurrak solte", azkenaldian egin duzuen kanturik thrashena, speed metal gehien duena, sartu izana diskoan. Exodusen, Slayerren... usaina dario.

Bai... Horren arrazoia da konposatzen ari zarenean ez dakizula non bukatuko duzun. "Ez etsi orain" egin nuenean, bi ordu neramatzan beste gauza batzuei bueltak ematen. Kantu oso kañeroa egiteko asmoa nuen, metronomoaren abiadura igo eta igo ari nintzen, baina azkenean "Ez etsi orain" atera zen. Ez dakit zenbat denbora zerbait azkarraren bila, eta gero beste kantu hau di-da atera zen, baina hasierako ideiaren oso bestelakoa zen.

"Txakurrak solte", adibidez, momentu baten egindako kantua da. "Piztia"ren gisako zerbait egin nahi nuen, pua kolpe piloarekin, azkarra... eta atera egin zen. Hala ere, "Ez etsi orain" egiteko, esan bezala, ideia bera neukan, kantu oso azkar bat egitera nindoan, eta beste bide batetik eraman ninduen: kantuak aurkitu ninduen ni, kasu horretan.

Ezberdintasun horrek aberastasuna ematen dio diskoari.

Bestalde, azken bi disko hauetan, ematen du taldearen legatuari begiratu diozuela soilik eraginen bila abiatutakoan: Su Ta Garren oihartzunak entzuten dira, eraginak askoz lausoagoak dira. Ez dira igartzen beste talde batzuen eraginak lehen bezala (Judas Priest, Metallica, Pantera...) Zergatik? Musika gutxiago entzuten duzue? Iragazgaitzagoak zarete?

Bai, musika entzuten dugu oraindik, nola ez, baina ez hamazortzi, hemeretzi edo hogeita bost urterekin entzuten genuen bezain sutsu. Gainera, gazteagotan, jendea miresten duzu, eta, nahiz eta ez duzun kopiatzen, estilo horretara hurbiltzen zara, erreferentzia argiagoak izaten dituzu. Gero, adinean aurrera egin ahala, beste musika batzuk entzuten hasten zara, eta musika gutxiago ere entzun duzu zenbaitetan. Horrez gain, adin batetik aurrera, gustatzen zaizkizun artistekiko miresmena lausotu egiten da: hasieran jainkotu egiten dituzu artistak, baina gero, nahiz eta zu beste maila batean zauden jakitun izan, miresmen hori normalizatu egiten da. Zeu ere artista zaren kontzientzia hartzen duzu, eta, beste ezeren gainetik, zu izaten saiatzen zara, erreferentzia nagusitzat zeure burua hartzen eta esentziari eusten.

Horrek zaildu egiten du konposatze prozesua, baina egia da geu garela gure eragin handiena azken diskoetan. Ametsak pilatzen-en, Bizirik gaude-n eta agian Jainko hilen uhartean diskoan igartzen da hori gehienbat.

Zertan aldatzen da musikarekiko harremana zaletasuna lanbide bilakatzen denean?

Tira, momentuak daude, eta adinak, bizimoduak, ere badu eragina: kontzertu gutxiagotara joaten zara... Lehen, kontzertu pilo batera joaten nintzen, eta orain neure buruari esaten diot gehiagotara joan behar naizela, bertan bateriak kargatzen baititut, gauza berriak ikusi eta ikasita.

Duela gutxi, Annihilatorren bideoak ikusten ibili nintzen Youtuben, eta oso sentsazio ederra izan zen: pilak kargatzen ditu, "pikatu" egiten zara nolabait ere... Dena dela, beste alde batetik, egun osoan egoten gara musikari lotuta, konposatzen, jotzen, promozioa egiten, eta batzuetan, etxera heldu edo autoan sartzen zarenean, lasaitasuna behar izaten duzu: deskonektatu, irratia ipini... Bi joera horien arteko erdibidea aurkitu behar da.

Musikari ikuspegitik ere, zelako bilakaera izan du gitarrarekin duzun harremana? Zertan aldatu dira gitarra eskutan hartuta izaten dituzun helburu eta sentimenduak?

Tira, hasieran, gure garaian, ez zegoen gaur adinako bideo eta baliabiderik, zoritxarrez, eta VHS bideoak ikusten ibiltzen ginen. Nik George Lynchen eta  Marty Friedmanena neuzkan, eta hor ibiltzen nintzen flipatzen, zer edo zer ikasten. Steve Vairen eta Yngwie Malmsteenen diskoak entzun, eta "nota argamasa" horretatik gauzak ateratzen saiatzen ginen, imitatzen. Gero, zure estiloa finkatzen joaten zara, su hori apur bat baretuta. Ni orain, buruan gauza berriak sartu eta sartu ibili beharrean, dakidana garatzen, perfekzionatzen, jarduten naiz, eta gaur egun, oraindik ere, entsegu guztietan aritzen naiz pua ondo oratuta daukadan pentsatzen, solo garbi eta kontrolatuagoak egiteko ahaleginean...

Gainera, "gitarraren heroi" horien moda apur bat zahartuta dago honezkero, eta neure burutik ere joan da joera hori, agian. Orain, gitarristak entzun baino gehiago, garai batean, hasieran, motibatu ninduen musika horretara itzuli naiz.

Durangoko hitzordua inguruari argazkia egiteko aprobetxatzen dute askok. Zer argazki aterako zenioke zuk euskal musikagintzari berorren ikuspegi bakoitzetik; hots, arlo artistikoa (eszena) arlo ekonomikoa (industria) kontuan hartuta?

Eszenaren aldetik, euskal musika oso aberatsa da. Onerako eta txarrerako, talde asko daude, eta, beraz, zailagoa da taldeentzat irtetea, baina sormenaren eta musikarien kalitatearen aldetik maila izugarria da. Gatibu, Berri Txarrak, Zea Mays, Esne Beltza... Oso talde ezberdinak dira, eta denek dituzte kristoren kantuak, denek jotzen dute oso ondo; maila izugarria dago, estilo guztietan. Horiez gain, horren ezagunak ez diren talde asko daude, askotan bidegabe, ateratzerik izan ez dutenak, ez baitago, tamalez, denentzako tokirik. Euskal merkatua txikia da, eta milaka talde gaude.

Gainera, gero eta zailagoa da. Teknologiak gauza on asko ekarri ditu, baina badauka bestalde ez horren atsegina: industriaren gainbehera, deskargak, diskoak balioa galdu izana eta denok grabazioak eskegi ahal izateak dakarren gehiegizko informazioa. Izan ere, azken horrek dena lausotzen du, eta publikoak, erdi galduta, erreferentzia argi batzuk bilatzen ditu.

Bukatzeko, test bat proposatuko dizut. Aukeratu...

Euskal talde edo musikari bat: Errobi.

Atzerriko talde edo musikari bat: Queen.

Disko ezinbesteko bat: A night at the opera (Queen)

Kantari bat: Rob Halford.

Gitarrista bat: Steve Vai.

Bajista bat: Billy Sheehan.

Bateria bat: Borxa.

Kontzertu bat ikusle moduan: Halford bere taldearekin etorri zenean, Jam aretora.

"Zure baitan", Su Ta Garren azken diskoko lehen single-a

Informazio gehiago (1)