Itxi

Gaur, gurekin Azokan

Arantxa Iturbe: 'Durangon, berotu da tenperatura; hoztu konpromisoa'

Natxo Velez | eitb.com

Arantxa Iturbe "Arratsean" Euskadi Irratiko saioko aurkezlea gustuz eta idazle eta irrati esatari gisa lanera joan da Durangoko Azokara. Harekin lotutako oroitzapenez hitz egin digu.

Arantxa Iturbe. Argazkia: EiTB.

Arantxa Iturbe idazle eta "Arratsean" Euskadiko Irratiko saioko gidariak Durangoko Azokarekin lotutako oroitzapen eta gogoetez hitz egin digu.

Aspaldidanik duzu Azokara bertaratzeko ohitura? Zer alde ikusten dituzu lehengo eta oraingo Azokaren artean?

Lehendabiziko oroitzapenak ume nintzenekoak. Gogoan ditut, orduko emozioa eta hotza. Gerora, egokitu zait joatea, irrati esatari modura, lanera, eta idazle modura, lanera.

Aldeak? Denak. Aldatu da tokiz, neurriz, itxuraz; berotu da tenperatura, hoztu konpromezua, pasiluak eta inguruak bete... Aldatu da, izena ere.

Zer du Azokak horrenbeste jende erakartzeko?

Ez dakit. Gustura erantzungo nuke, liburuek eta diskoek dutela halako erakargarritasuna herri txiki honetan. Baina, horrenbeste jende izatea, ez da islatzen gero, liburu eta disko salmenten kopuruan. Beraz... ez dakit.

Zerbait gehitu edo kenduko zenuke?

Gehitu baino kendu.

Nolakoa izaten da zure egun bat Durangoko Azokan?

Zen. Izaten zen goizean joan, eta begi eta belarriak adi eduki beharrekoa. Antea guztiak piztuta. Eta behin lanak amaitutakoan, azoka itxitakoan, neurriko bizitza soziala.

Zein disko eta liburu gomendatuko zenituzke aurten erosteko (ez dute zertan lan berriak izan)?

Ez naiz gomendiozale. Norberak daki bere zaletasunen berri. Gaur egun, bada nahikoa informazio eta nahikoa propaganda han zer topatuko eta non jakiteko, eta joan aurretik zer eskuratu nahi duzun erabakitzeko. Eta Durangon, neurri, gusto, estilo eta zaletasun gehienak asetzeko adina gauza topa liteke. Bilatzeak du grazia.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)