Durangoko Azoka
Su Ta Gar, bizi-bizirik
Natxo Velez | eitb.com
Plateruena hankaz gora jarri zuten atzo eibartarrek, Durangoko Azokaren lehen egunean, "Bizirik gaude" disko berriaren aurkezpen kontzertuan, 25 urteko ibilbideak ematen duen sendotasunaz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gizatasunaren –gizakeriaren??- ezaugarri bat da, berritasunaren sugarrak (barka bekit hitz joko merkea) itsuturik, gure bizitzan etengabe ondoan izan dugun hori atzentzea, ahanztea. Hala ere, gehienetan, alboan (izan) dugun horrek birgogoratu egiten digu zergatik egon den eta dagoen hor, eta Su Ta Garrek 25 urteko ibilbidea atzean zergatik duen gogorazi zien atzo Plateruenan hori ahaztuta zeukatenei, bi orduko kontzertu indartsu eta distiratsuan.
Gogo betez hasi ziren, jendea kokatze aldera kantu zahar eta ezagunagoak joz: "Bidegakeriaren balantzan"eko gitarra erauntsia, "Arbasoen mendekua mitikoa... Bizirik gaude disko biribileko kantuei bide egiteko unea heldu zen orduan: "Nazkatu naiz" eta "Bizirik gaude" azkarrak bota zituzten, bata bestearen atzetik.
Nolanahi den, jenderi kantu berriak erakusteko gogoa baretu behar izaten dute halako bide oparoa egin duten taldeek, jendeak kantu zerrendan kaslikoak sartzea eskatzen baitie ezinbestean. Horren jakitun, "Gau iluna amaitu da" eta "Begira" jo zituzten jarraian, huts egin ezin zuten abestiak, eta horrek giroa behin betiko piztu zuen emanaldiaren amaierara arte.
Teknika aldetik, paregabea izan zen emanaldia. Maisutasun musikala jakintzat ematen zaie eibartarrei honezkero: Xabiren efikazia gitarra erritmikoetan (zenbait kantutan, azkenaldian ohi denez, gitarra akustikoa hartuta), Aitorren maisutasuna eta Igor eta Galderren sendotasuna oinarri erritmikoan. Atzo, gainera, soinua eta argiak alde izan zituzten lehen akordetik: goraipagarriak izan ziren argi-jokoak, gure aretoetan ohi denaren gainetik betiere.
Azken txanparako, kantu berrien ("Txakurrak solte", Iñigo Cabacasi eskainia, "Giza harresia" alaia, publikoan onespen maila galanta izan zuen "Zure baitan"...) eta klasikoen ("Jo Ta Ke", "David eta Goliath", "Geroaren hazi heziak", "Itxaropena" hunkigarria, "Mari"...) arteko oreka, bi bisen ostean eta "No somos nada" La Pollaren bertsioa tarteko agur esateko.
Diskoaren izenburua, taldearen bideari barik, gizarteari begira jarri dutela azaldu dute taldekideek promozioko elkarrizketan. Dena den, bizitzen ari diren unera ondo baino hobeto egokitzen dela argi gelditu da bart; ez zuten duda izpirik utzi. Bizi-bizirik daude, indarberrituta.