Durangoko Azoka
Eusko Jaurlaritzak ez du Durangoko Azoka 'bakarrik' finantzatu nahi
Erredakzioa
Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak "denok batera" Azokaren ereduaren inguruko hausnarketa egitea eskatu du. Legebiltzarrak ez du Gerediaga elkartearen eskaera "urgentziaz" bideratuko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak gaur kazetarien aurrean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza ez da Durangoko Azoka diruz lagundu behar duen “erakunde bakarra”.
Muñozek Gerediagako, Azoka antolatzen duen elkarteko, arduradunek egindako eskariari erantzun dio horrela, Bilbon, Kultura Sailak 2014an Euskadin kultur sorkuntza eta berorren garapena bultzatzeko emango dituen diru laguntzak aurkezteko prentsaurrekoan.
"Ez du balio '50.000 euroko galerak ditut eta ordaindu egin behar dizkidazue' esateak", erantsi du Muñozek Gerediaga elkartekoei zuzenduz, Azokak 2013an izan zuen diru galerak hizpide hartuta.
"Durangoko Azoka oso toki garrantzitsua da –esan du- eta urteak joan urteak etorri euskal kulturaren dinamismoa neurtzeko eta erakusteko balio izaten du”.
"Ikusteko dago zenbat diru jarri behar den eta nori dagokion diru hori jartzea: Eusko Jaurlaritzari bakarrik? Ez dut uste Eusko Jaurlaritzari soilik dagozkionik euskara eta euskal kultura. Are gehiago, diru edukita ere ez litzateke ona izango Eusko Jaurlaritzak bakarrik hartzea ardura hori", erantsi du.
Horren ildotik, "denok egon behar dugu inplikatuta, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, Durangoko Udalak berak eta beste eragile pribatu batzuek", esan du.
Ereduaren gaineko "hausnarketa"
Gainera, Joxean Muñozek "denok batera" Azokaren ereduaren inguruko hausnarketa egitea eskatu du, "Gerediaga elkarteak gauzatu nahi duen eredua ekonomikoki bideragarria den eta gaur egun behar den eredua den ebazteko, eta horren finantzazioa nolakoa izan behar den zehazteko".
Muñozen esanetan, Gerediagak mahai gainean jarri duen ereduak "Azoka eta, ondorioz, haren galerak handitzea dakar".
Halaber, Joxean Muñozen azalpenen arabera, aurten Eusko Jaurlaritzak 65.000 eurotik 80.000 eurora handitu du urtero Gerediaga elkarteari zuzenean ematen dion laguntza. Horri beste laguntza ekonomiko batzuk gehituta, guztira Durangoko Azokarentzako diru laguntza 100.000 eurotik gorakoa izango da, beraz, sailburordearen hitzetan.
Ebazpena, udazkenean
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak EH Bilduk eskatu bezala Gerediaga elkartearen eskaria urgentziaz bideratzea errefusatu du, EAJren, PSE-EEren eta PPren kontrako botoen ondorioz.
Hartara, Eusko Jaurlaritzak Durangoko Azokari ematen dion diru laguntza handituko ote duen udaren ostean eztabaidatuko dute, Legebiltzarrean udan izaten den etenaldia bukatutakoan.