GAUR, GUREKIN AZOKAN
Fermin Etxegoien: 'Askoz zorrotzago jokatuko nuke erdarazko edukiekin'
E.G | eitb.eus
Euskadi Irratiko 'Musikatea' saioko aurkezle eta kazetariak Berri Txarraken, Ruper Ordorikaren eta KX-ren diskoak gomendatu ditu, besteak beste.
Euskadi Irratiko 'Musikatea' saioko aurkezle eta kazetariak aspalditik du Durangora joateko ohitura. Dioenez, triki-poteoan balego moduan ibiltzen da, baina trikiarekin barik, liburu eta disko artean.
Azokara joateko ohitura aspaldidanik duzu? Zer alde ikusten dituzu lehengo eta oraingo Azokaren artean?
Bai, aspaldi noa Durangora. Azoka handitzen joan den neurrian, handitu da ere, nabarmen, beste tokietan bizi diren lagun eta ezagunekin bertan elkartzearen plazera, esango nuke. Alegia, Durangora goaz kultura erostera eta baita ongi pasatzera ere, halako urtean behineko bilera paregabe batean.
Zer du Azokak horrenbeste jende erakartzeko?
Arestian aipatutakoak badu zerikusi handia. Gero, esango nuke Durangok gordetzen duela, batez ere musikagintzan, diskoen merkatua Internetek suntsitu eta gero, ba fetitxearen kontu hori, Durangon, oraindik, jendeak diskoak erosten dituelako, agian munduko toki bakarrenetarikoa. Liburuei dagokienez, jendeari ematen zaio, baita ere, halako atrezzo ezin hobea kultur kontsumoan modu kolektiboan ?herri gisa- aritzeko, eta hori oso gustagarria zaigu.
Zerbait gehitu edo kenduko zenuke?
Gehitu, Ahotsenea dagoenez gero, ez dut uste ezer behar duenik. Kendu, askoz zorrotzago jokatuko nuke erdaraz argitaratutako materialarekin.
Nolakoa izaten da zure egun bat Durangoko Azokan?
Triki-poteo bat bezalakoa, baina kendu trikia eta jarri liburuak eta diskoak.
Zein disko eta liburu gomendatuko zenituzke aurten erosteko?
Entzun ditudanen artetik, hauexek: Berri Txarrak, Ruper Ordorika, KX (Keu Agirretxea eta Xabier Iriondo), Joseba Irazoki, Morau, Libe, Jon Gurrutxaga?
Liburuak, ez dakit zer esan, berriak baitira eta denek merezi dute arreta. Udaberrian argitaratuetatik, Gerra Txikia, Lander Garrorena.