'Black is Beltza'
Fermin Muguruza: "Komikia baino gehiago da ‘Black is Beltza’"
Natxo Velez | eitb.eus
Irungo sortzaileak “Black is Beltza” aurkeztu du; Harkaitz Cano eta Dr Aldereterekin ehunduako eleberri grafikoa da proiektuaren ardatza, baina muin horren itzaletan beste kimu batzuk ernatu dira.
Fermin Muguruza musikariak (Irun, 1963), Harkaitz Cano idazlea eta Jorge Alderete argentinar ilustratzailea lagun, “Black is Beltza” eleberri grafikoa aurkeztu du oraintsu. Benetako gertakari batetik abiatuta, fikziozko istorio bat ehundu du hirukoteak, Manex Unanue izeneko protagonista nagusiaren inguruan.
1965eko New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean Iruñeko erraldoiek betetako lekua abiapuntutzat hartuta, 'Black is Beltza' proiektuak musika, maitasuna eta iraultza uztartu ditu, akzio eta espioitza istorio baten bidez.
Fermin Muguruzak eleberri grafikoa ardatz hartuta beste alor batzuetara ere hedatu den proiektuaren berri eman digu Mexikotik, bertan egon baita bere abentura berria amerikar herrialdean aurkezten.
“Black is Beltza”ren jatorria Iruñeko Erraldoien Konpartsak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean 1965ean egindako kalejira bat da. Gizarte giro horretan ez omen zieten arraza beltza irudikatzen zuten erraldoiei parte hartzen utzi… Nola izan zenuen horren berri? Zer txinpartak piztu zuen proiektua?
“Egunkaria”n argitaraturiko argazkia ikusi nuen 2000. urtean. Argazkiak berez indarra zuen, eta iltzatuta gelditu nintzen hari begira, baina argazki oinak zur eta lur utzi ninduen, bertan azaltzen baitzen arraza diskriminazioa zela medio erraldoi beltzei debekatu egin zietela parte hartzea desfilean. Horren ondorioz, ezin izan zuten besteekin batera dantzatu.
Fikziozko zer istorio sortu da testuinguru horretatik? Zer-nolako gertakariak bizi ditu Manex Unanuek liburuan? Fikziozko istorio horretan, errealitateko hainbat gertakariri toki egin diezue. Benetako zer gertakariren oihartzuna jasotzen du “Black is Beltza”k? Nola harilkatu duzue istorioan garai hartako testuinguru musikal eta soziala?
1965ean du abiapuntua istorioak, eta gero, elipsi baten bidez, 1967an garatzen da ekintza nagusia.
1965ean beste bi erraldoi beltzen kontakizunak ditugu, Malcolm Xren hilketa eta Muhammad Aliren borrokak, bai ringean baita ringetik kanpo ere. Eta 1967an gertaera politikoak: 6 eguneko gerra, Vietnamgoa, Aljeriaren independentzia gaztea, Quebecekoaren aldeko borroka, Black Panther mugimendua, Che Guevararen gerrilla Bolivian; eta baita kultura aldekoak ere: Juan Rulforen “Pedro Páramo y el Llano en llamas” pelikularen estreinaldia eta “Aljereko Bataila”rena, “Espektakuluaren gizartea” Guy Deborden liburua; eta musikan, beste askoren artean, Monterreyko Festibala, non The Who, Jimi Hendrix, Janis Joplin eta Otis Redding ikusiko, sentituko, ezagutuko dituen Manexek.
Benetako gertaera historiko horien lekuko izango da Manex, gero fikzioaren bidez istorio horien parte izateko. Adibidez, Monterreyko festibaletik San Frantziskora Otis Reddingen furgonetan bidaiatuko du...
Zergatik jo duzu Harkaitz Cano idazlearengana eta Jorge Alderete ilustratzailearengana? Nola aritu zarete “sei eskutara” lanean?
Harkaitz Cano laguna dut, eta, idazle aparta izateaz gain, zinemaren, musikaren eta komikien zale amorratua da; beraz, konplizerik egokiena iruditu zitzaidan testua lau eskutara prestatzen aritzeko.
Jorge Alderetek, bestalde, musika irudien bidez ilustratzeko ahalegina egin du beti, eta, Fabulosos Cadillacs Argentinako taldearen zenbait lan egiteaz aparte, Mexikoko Foro Aliciako kontzertuen kartelak egiten ditu. Bai Fabulosos Cadillacs bai Foro Aliciako jendea lagunak ditudanez, lagun komunen bidez iritsi zen Dr. Alderete.
Dr Alderete, Fermin Muguruza eta Harkaitz Cano, erraldoien aurrean
Egia ote da proiektua pantaila handian erakusteko jaio zela? Baztertu duzue asmo hori?
Egia da, eta egia da, halaber, ez dugula oraindik pantaila handira eramateko asmoa baztertu. Harkaitz Canorekin duela bost urte elkartu nintzen istorio hau idazteko, eta orain liburua dugu. Pelikula, noizbait? Zergatik ez!
Bilboko Alondegian erakusketa berezia paratu dute, eleberri grafikoarekin lotuta, eta zerorrek jarri diozu soinu banda, Boots Riley The Coup taldeko kidearekin batera. Komikiaz haraindi doan proiektua da “Black is Beltza”, ezta?
Oraingoz, “Black is Beltza” nobela grafikoa edo komiki liburua da, kantua eta bideoa, Bilboko Alondegian otsailaren 8a arte dugun erakusketa, beste toki batzuetan horrek egin dezakeen bidea, eta Beltza Labs, erakusketa horren inguruko unitate didaktikoa 15-18ko gazteentzat.
Gainera, erakusketaren inguruan topaketak ere badaude, “Black is Beltza” aitzakiatzat hartuta, musikaz, zinemaz, literaturaz edota gastronomiaz aritzeko. Manu Chao, Maika Makovski, Jorge Alderete, Belako, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano bera izango dira bertan.
Ez zara geldi egotekoa… Zer proiektu dabilzkio buruan egun Fermin Muguruzari?
Momentuz, “Black is Beltza”. Elkarrizketa honetako galderei Guadalajaratik ari natzaie erantzuten, Mexikotik, hemen argitaratu berri baitute.
Gainera, datorren urterako, beste hiru argitalpen konfirmatu ditugu: Kolonbian, Argentinan eta Txilen. Datorren urterako, beraz, lana dut egitasmo honen inguruan; erakusketaren ekitaldi paraleloak nik gidatzen ditut, urtarrilean Anguleman izango naiz Komikiaren Azokan...