GAUR, GUREKIN AZOKAN
Goizalde Landabaso: 'Durangoko Azoka Meka antzeko bat da'
E.G | eitb.eus
Radio Euskadiko kazetaria lanean izan ohi da azoka egunetan, baina beharrak 'askatzen' duenean, bizitza sozialaz eta Durangon aurkitzen dituen altxorrez gozatzen du.
Goizalde Landabaso idazle eta Radio Euskadiko kazetaria 'beteranoa' da Durangoko Azokan. Txikitatik gurasoekin joana, lanean ere gaztetik hasi zen Euskal Herriko 'azoka nazionalean'. Lehengo azokaren oroitzapenez, egungoaren hausnarketez eta aurten erosi beharrekoez mintzatu da gurekin.
Azokara joateko ohitura aspaldidanik duzu? Zer alde ikusten dituzu lehengo eta oraingo Azokaren artean?
Uste dut lehenengoz ikastolarekin eta gurasoekin joan nintzela. Eta haren ondotik beti lanera, plazererako lekurik badago ere, lanera.
Lehengo azokatik dena aldatu da. Karpatik eraikin egonkor batera pasatzeak dakarren aldaketa erabatekoa eman da. Durangora joateak berokiak, bufandak eta eskularruak eramatea esan nahi zuen. Hotza pasatzen genuen, azokak umelak ziren, itoginak, haize hotza sartzen zela... Orain aire egokitua dago eta azoka barruko giroa beroa da. Lehengoak xarma gehiago zuela pentsa dezakegu askotan, baina uste dut gure memoriaren trikimailuak direla. Denborak iragana gozotu egiten du, eta gure oroitzapenak gure nahietara moldatzen ditugu. Ahaztu egiten dugu orduan ere sufritzen genuela. Beste gauza bat da orduko gizarteak eta oraingoak zerikusirik ote duten, modu berean erosten ote dugun, modu berean ote goazen azokara. Aldatzekotan gizartea aldatu dela uste dut, azoka horren isla da.
Zer du Azokak horrenbeste jende erakartzeko?
Azoka nazionala da. Gure identitatearen ikur bat. Meka antzeko bat. Beharrizan bat ere bada, bagaudela eta existitzen garela bisualizatzeko modu bat. Dagoeneko ekitaldi soziala da, eta bertara joan behar da; cool da Durangoko azokara joatea. Baina egia da oso modan jarri dela joateri uko egitea, edota, Durangora ez joatearen militantzia. Edozelan ere bere garrantzia ukaezina da. Gure kultura ardazteko ezinbestekoa da azoka nazional bat, gure presentzia erakutsiko duen bilgune bat. Hobea izan litekeela? jakina. Beste bat izan behar dela? Batek daki. Baina ezereza baino hobea bada dagoena. Bestetik bertara joateko jendeak hamaika arrazoi izango ditu, eta ez joateko beste horrenbeste. Nik ezagutzen ditut azoka sekula zapaldu ez duten pertsonak, are gehiago, azoka zer ote den ez dakitenak.
Zerbait gehitu edo kenduko zenuke?
Galdera honi egunaren arabera erantzuten diot; batzutan kenduko nuke, eta besteetan gehitu.
Nolakoa izaten da zure egun bat Durangoko Azokan?
Ba lanaren arabera. Oso goiz sartu behar banaiz, azoka inguruko kafetegiren batera noa, gosaldu, eta hortik gora lanaren zurrunbiloan sartuta egoten naiz iluntzera arte. Amaitzerakoan, Durangon egon ohi den bizitza sozialaz disfrutatzen dut.
Zein disko eta liburu gomendatuko zenituzke aurten erosteko?
Ufa! Hau zaila da norberaren gustuak eta besteetan ezberdinak izan litezkeelako. Edo direlako. Liburutan asko gustatu zait Ixiar Rozasen Beltzuria, Black is beltza eleberri grafikoa, Borroka kluba, Itxaro Bordaren Zure hatzaren ez galtzeko, eta Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa. Diskoetan, ba Berri Txarraken berria oso ona da, Tania de Sousarena eta Naroa Gaintzarena, Ruper Ordorikarena. Baina azokak badu gauza on bat: aurkitzen dituzun altxorrak. Bai erosteko gauzatan eta ezagutzekotan. Ahotsenearen bidez, esate baterako, nik talde eta musikari asko ezagutu ditut.