Durangoko Azoka
Emakumeak eta euskal literatura aztergai, 27 urte geroago
Natxo Velez | Durango
'Jakin' aldizkariak “Emakumeak eta literatura” monografikoa kaleratu eta 27 urtera, ‘Hegats’ aldizkariak aztergai bera jorratu du 52. zenbakian, “Genero ñabardurak lerro artean” izenburupean.
‘Hegats’ Euskal Idazleen Elkartearen aldizkariak 25 urte bete ditu, eta, datorren urtean formatuan, diseinuan eta beste alor batzuetan aldaketa egin aurretik, emakumea eta euskal literatura hartu du hizpide, 52. zenbakian.
Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko zuzendariak aurkezpenean gogorarazi duenez, emakumeen lau belaunaldi dihardute egun literatura sorkuntzan, eta, hartara, une egokia iritzi diote atzera begiratu eta duela 27 urte “Jakin” aldizkariak kaleratutako “Emakumeak eta literatura” monografikoa berreskuratzeko. Berriz ere galdera berak egin, eta zer aldatu den eta zer aldatu ez den aztertu dute.
Ahots eta formatu ezberdinak batu dituzte ‘Hegats’en orrietara. Hartara, Jasone Osororen aitzin solas batek bidea zabaltzen die Laura Mintegiren, Nerea Azurmendiren eta Gema Lasarteren hausnarketei. Lasartek, esaterako, bere lanetan maskulinitateari ezohiko ikuspegi batetik begiratzen dioten hiru gizonezko idazleren testuei begiratu die: Oier Guillan, Edu Zelaieta eta Ur Apalategi.
Gainera, Aurelia Arkotxari eta Tere Irastorzari eginiko elkarrizketa bat eta Mariasun Landaren eta Maite Esnal Gonzalezen fikziozko lan bana ere irakurri ahal dira, salgai jarri duten paperezko bildumaren 800 aleetan nahiz Interneten.