Itxi

Abenduak 4-8

249 erakusmahai eta 250 ekitaldi, Durangoko 50. Azokan

N.V. | eitb.eus

Inoiz baino kultur ekitaldi gehiago izango dira aurten Durangoko Azokan, guneen gaurko aurkezpenean antolatzaileek iragarri dutenez. 350 nobedade aurkeztuko dituzte sortzaileek Kulturaren Plazan.

Durangoko Azokako arduradunek euskal kulturaren topagunearen 50. ekitaldiko egitaraua aurkeztu dute gaur, Plateruena Kafe Antzokian: 249 erakusmahai, iaz baino lau gehiago, 350 produktu berri (228 liburu, 63 disko, 19 aldizkari...) eta 250 ekitaldi izango dira, Azokako zortzi guneetan, bost egunean, abenduaren 4tik 8ra.

Gaurko prentsaurrekoan Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak eta Azokako zortzi guneen (Irudienea, Saguganbara, Azoka TB, Kabi@, Areto Nagusia, Ahotsenea, Plateruena eta Szenatokia) ordezkariek azaldu dutenez, ?gero eta plaza koloretsuagoa da Azoka, gero eta eragile gehiagoren, gero eta ideia aberatsagoen eta gero eta elkarlan estuagoaren emaitza?, eta, hartara, Durangora bertaratzen direnek kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, tailerrak, ikuskizunak eta beste ekitaldi asko topatuko dituzte 700 metroko eremuan.

Edizio honetako aurrekontua 750.000 eurokoa izango da; horietatik, 410.000 euro erakunde publikoetatik jasotako laguntzak dira, eta erakustokien alokairua (225.000), babesleak (99.000) eta publizitatea (16.000) dira gainerako diru-sarrerak. Gastu nagusiak, ostera, Azokaren montajeak jasotzen ditu (187.000), komunikazioa (176.000), arlo teknikoa (124.000) eta pertsonalarekin (112.000) batera. Gainerako gastuak egitaraua (87.000), alokairuak (31.000), antolaketa (18.000) eta kanpoko zerbitzuak (13.000) dira.

Hasiera eta amaiera ekitaldiak

Azokaren inaugurazio ekitaldia San Agustin Kulturgunean izango da aurten, Szenatokia gunean, hilaren 4an, ostiralarekin, 19:00etan (Azoka bera, halere, 10:30ean hasiko da).

Halaber, Azokaren amaiera ere berezia izango da 50. edizioan. 17:30ean, Lekord taldearen "Sokak" ikuskizuna izango da Ahotsenean; 18:00etan, "Zirko Anabasa" ospatuko da Szenatokian; 18:30ean, Korrontzi taldeak dantzaldia eskainiko du Plateruenan, eta, amaitzeko, 19:45ean, Deabru Beltzak talde ezagunaren emanaldia egongo da ate-itxierarekin batera.

Areto Nagusia

Bigarren urtez, Gogoetaren Plaza antolatuko dute, ?euskal kulturaren gaineko gogoeta bultzatzeko eta etorkizuneko ildo eta estrategiak garatzen laguntzeko?.

Andoni Egaña, Asisko Urmeneta, Maialen Beloki, Jose Mari Agirretxe 'Porrotx', Itxaro Borda, Ruper Ordorika, Eider Rodriguez, Jon Maya eta beste hainbat sortzailek bina saio egingo dituzte, abenduaren 5etik 8ra; goizean buruz burukoak eta arratsaldean mahai-inguruak.

Ahotsenea

Ahotsenean, 120 emanaldi baino gehiago egongo dira, 70 zuzeneko eta 50 solasaldi.

Solasaldien gunea aurten Landako barruan egongo da, eta 9 disko eta 42 liburu aurkeztuko dira bertan. Zuzenekoei dagokienez, karpa iazko toki berberean egongo da, eszenatoki birekin.

Saguganbara

Txiki eta handien plazan, umeentzako eta familientzako jarduera ugari izango dira: hamabi ipuin kontalari, 19 tailer...

Plateruena

Esne Beltza, Iheskide, Olatz Zugasti eta Korrontzi arituko dira gauez, eta, abenduaren 4an, Bidehuts Gaua ospatuko dute: Jupiter Jon, Sacco, Anari, Irazoki & lagunak, Audience, Nire eta Bidehutseko beste zenbait kide. Sarrerak salgai daude.

Irudienea

Irudienean izango da, noski, zer ikusi: Kameratoia Ikus-entzunezko Rallyaren XI. edizioa, euskal zinemagintzaren belaunaldi berrietako kideen mahai-ingurua, EHUko ikasleen film laburren emanaldia...

Gainera, proiekzioei dagokienez, ?Amama? pelikula, ?Euskal Herriaren ABDak? eta ?Goenkale? telesailaren azken hiru atalak beste inon baino lehen eskainiko dira bertan.

Szenatokia

Arte eszenikoen plazan, San Agustin Kulturgunean, zirkuak toki nabarmena izango du. Horrez gain, "Eskutitzak" Itziar Eliasen antzezlana ikusteko aukera izango da, antzerki-eskolek topagunea antolatu dute, eta antzerki maratoia ere izango da.

Kabi@

Eragile ugarik topaketak egingo dituzte Kabi@n, Instagramen erabiltzaileek, bideo-jokoen erabiltzaileek, wikilariek? Gainera, ikastaro eta hitzaldiak ugari egongo dira: irrati estazio bat muntatzeko tailerra, hedabideen etorkizunari buruzko mahai-ingurua?

Azoka TB

Azoka Telebistan, inoiz baino hedabide gehiagoren lankidetza egongo da aurten: EiTB, Goiena, Hamaika TB, Kanaldude, Tokikom eta Berria.

Azokak irauten duen bitartean, Azoka TBk emisio jarraitua eskainiko du zuzenean, eta streaming bidez ikusi ahalko da.

Albisteak (4)