Kabi@
Euskal wikilariak, etorkizunari begira Durangoko Azokan
Natxo Velez (eitb.eus) | Durango
Wikipedia elkarlanean oinarritutako entziklopedia digitalaren erabiltzaileek bilkura egin dute gaur Durangoko Azokako Kabi@ gunean, etorkizuneko erronkez hausnarketa egiteko.
Euskarazko Wikipediaren osasuna sendoa da, zenbakiei begiratuta: 2001ean hasi ziren erabiltzaileak entziklopediaren euskarazko bertsioa elikatzen, proiektu orokorra jaiotzearekin bat ia, eta 217.000 sarrera ditu egun. Artikulu gehien dituzten mundu osoko hizkuntzen zerrendan 33.a da euskara.
Gaurko batzar irekiko gai zerrendan bi puntu nagusiri helduko diete Kabi@ gunean bildutakoek Wikipedia sustatzeko helburuz, Xabier Cañas wikilari boluntarioak azaldu digunez. Batetik, “herripedia” eta “auzopedia” proiektuak azalduko dituzte, eta, bestetik, Wikipediaren euskarazko bertsioa sustatzeko elkarte bat sortzeko aukera balioztatuko dute.
“Herripedia” edo “auzopedia” proiektuen atzean, tokian tokiko biztanleek euren auzo-herrietako sarrerak hobetzeko eta osatzeko asmoa dago: Martutene auzoan maiatzean abiatu zuten, eta Iurreta Bizkaiko herrian datorren larunbatean egingo dute helburu hori lortzeko bidean lehen batzarra.
Herriotako artikuluetarako ekarpenak tokian tokiko elkarteek eta norbanakoek egiten dituzte, dela argazkiak igoz, erreferentziak eginez edo, esaterako, balizko akats ortografikoak zuzenduz. Cañasen hitzetan, “wikilarien eta Wikipediaren erabiltzaileen arteko hesia kendu behar dugu. Jendeak urrunekotzat hartzen du entziklopedia, elitistatzat, ez dagoelako parte hartzera ohituta. Jakintsuentzat erreserbatutako zerbait dela iruditzen zaie, baina edonork elika dezake, modu anonimoan ere. Arau gutxi batzuk daude, baina oso malguak dira”.
Euskarazko Wikipediak aurrean duen erronka, Cañasen ustez, “sakontasuna eta kalitatea handitzea da. Kopuru aldetik ondo gaude, baina, batez ere gure gaietan (kirolak, herriak, kultura…), euskarazko Wikipediak izan behar du erreferentzia. Irakurria izango den Wikipedia sortu behar dugu”.
Bide horretan, wikilarien elkarte ofizial bat sortzea merezi ote duen ere aztertuko dute gaurko bileran. Elkarte horrek, noski, Wikipedia sustatzea izango du helburu, “inolaz ere komunitatea ordezkatzea”.