Abenduak 2-6
349 produktu berri eta 200 ekitaldi baino gehiago, Durangoko Azokan
eitb.eus
246 erakusmahai paratuko dituzte Landako gunean, abenduaren 2tik 6ra. 233 liburu eta 61 disko berri izango dituzte eskura bisitariek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Azken 28 urteetako Azokarik goiztiarrena abenduaren 2an hasiko da aurten, eta hilaren 6an bukatuko da. Bost egunez, bisitariek 349 kultura produktu berri, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora izango dituzte kulturaz gozatzeko: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, umeentzako jarduerak, ikuskizunak…
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak gaur egindako aurkezpenean azaldu duenez, dena “prest” dago jada bi aste barru Durango euskal kulturaren erdigune bihurtzeko: "Erakustokiak kultur produktuz gainezka izango ditugu, dozenaka talde arituko dira, eta dozenaka proiektu digital, ikus-entzunezko pieza eta antzezlan ezagutzeko aukera izango da".
Hirugarren urtez, autoekoizleek beren tokia izango dute Durangoko Azokan. 16 sortzailek hartuko dute parte espazio horretan, Areto Nagusiaren ondoan.
Plateruena Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan, Mujikaren batera, Azokako guneetako arduradunek ere parte hartu dute: Esther Soto (Areto Nagusia), Oihane Agirre (Azoka TB), Lutxo Egia (Ahotsenea), Gorka Julio (Kabi@), Johana Etxebarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Itziar Elias (Szenatokia) eta Goiatz Pelaez (Plateruena).
Flandria eta Argentinako Euskal Etxea
Bestalde, hirugarren urtez, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, atzerriko editore eta kazetariak izango dira Durangoko Azokan, bertoko editore eta idazleekin loturak sortzeko asmoz. Iaz Poloniatik eta lehenengo urtean Britainia Handitik etorri ziren, eta aurte Flandriako editore eta kazetariak izango dira Durangon.
Halaber, Argentinako Euskal Etxeak erakusleiho berezia izango du, iaz Bartzelonako Euskal Etxeak izan zuen bezala. Stand bat jartzeaz gain, hainbat aurkezpen ere egingo dituzte: euskararen egoera Argentinan, hainbat egileren lanak eta abar.