52. edizioa
Nerea Mujika: 'Sormenaren Lurraldea bizi-bizirik agertu da'
Natxo Velez | Durango
Gerediaga elkarteko presidenteak Durangoko Azokaren behin-behineko balorazio oso positiboa egin du, eta "oso orekatua" izan dela nabarmendu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak Durangoko Azokaren azken egunean EiTBri esan dionez, “Sormenaren Lurraldea bizi-bizirik agertu da bost egunean”. Hortaz, gaur, abenduak 10, amaituko den topagunearen balorazio “oso ona” egin dute antolatzaileek behin-behinean.
“Oso edizio orekatua izan da”, Mujikaren pertzepzioaren arabera, “jende asko izan da une oro, egun guztietan, eta gune guztietan zehar banatuta ibili da publikoa”. Guneok, gainera, “beren izaera indartzen doaz” apurka, eta horietako zenbait bete-beteta egon dira une batzuetan, hala nola Ahotsenea (Berri Txarraken kontzertuan), Irudienea (“Handia”ren eta Sarrionandiari buruzko dokumentalaren proiekzioetan) eta Szenatokia (“Ele” antzerkian).
Mujikaren hitzetan, ekoizpen oparo eta askotarikoaren erakusleiho izan da Azoka, eta, ekarpen aldetik, emaitza ona izan da: “Asko saldu da, eta ostalariek ere oso balorazio positiboa helarazi digute”.
Berrikuntzei dagokienez, Argizaiola saria beka bihurtzeko erabakiak oniritzi zabala izan du, Mujikaren ustez, eta bisitariak aparkalekutik Landakora garraiatzeko autobusa ere ekarpen positiboa izan da.
Gainera, aurrera begira Azoka irisgarriagoa egiteko ahaleginean sakonduko dutela esan digu Mujikak. Amaitzeko, haize bolada bortitzen aurreikuspenek Azokako azken arratsaldeko lasaitasuna mehatxatzen duela eta, antolatzaileak adi eta dagokion protokoloa aktibatzeko prest daudela adierazi du.
la adierazi du.