Abenduak 5-9
200 kultur ekitaldi eta 247 erakusmahai, Durangoko Azokan
eitb.eus
Kultur topagunearen 53. edizioan, 304 liburu, 93 disko eta 18 aldizkari berri egongo dira eskuragarri. Abenduaren 6an, Azokako lehenengo Sormen Bekaren irabazlea iragarriko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Durangoko Azokak 53. edizioko berritasunak aurkeztu ditu gaur, azaroak 20, Landako gunean bertan.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak azaldu duenez, "158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzailek parte hartuko dute. 247 erakusmahai egongo dira eta 439 gai berri aurkitu ahal izango ditugu bertan: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko 1 eta bestelako 23 produktu.
Zenbakiez haraindi, aurten Durangoko Azokako Sormen Beka jarriko dute martxan, eta hori ere hizpide hartu du Mujikak: "Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza, hasieratik amaierara garatzen lagunduko du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Urtero emango dugun beka honen edizio honetako gaia literatura da. Irailean itxi zen lanak aurkezteko deialdia eta 28 lan jaso ditugu. Azokan emango dugu irabazlearen berri, abenduaren 6an. 2019ko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dugu sormen bekaren lehenengo emaitzaz gozatzeko".
Azkenik, Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz bertaratzeko gonbita egin die herritarrei, eta doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako ordainleku inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.
Guneei dagokienez, Areto Nagusiak Gogoetaren Plazako solasaldiak hartuko ditu; Ahotsenean 70 kontzertu (Xabi Bandini, Gatibu, Hesian…) eta 42 (Harkaitz Cano, Katixa Agirre, Edorta Jimenez…) solasaldi izango dira; Saguganbarak umeentzako hamaika ekimen eskainiko ditu, ipuinen maratoi bat tartea; Plateruenan Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador arituko dira gauetan; Irudieneak egitarau oparoa eskainiko du (“Gu, Laboa”, “Gure Oroitzapenak”, “Soinujolearen semea”, “Muga deitzen da pausoa“…); Szenatokian arte eszenikoen eskaintza zabala antolatu dute ("Txarriboda", "Baserri"…); eta Kabi@ Landako barruan egongo da.