Abenduak 5-9
Ikasleak protagonista, Durangoko Azokaren lehen egunean
eitb.eus
Kultur topagunearen 53. edizioan, 304 liburu, 93 disko eta 18 aldizkari berri egongo dira eskuragarri. Bestalde, 200 sortzaile baino gehiago elkartuko dira Ahotsenean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Durangoko Azokaren 53. edizioa berritasun ugarirekin iritsiko da asteazken honetan Landako gunera, abenduaren 9ra arte bertan geratzeko asmoz. 58 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzaile izango dira bertan. 247 erakusmahai egongo dira eta 439 produktu berri eskainiko dituzte: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23 produktu.
Zenbakiez haraindi, aurten Durangoko Azokako Sormen Beka jarriko dute martxan. Azokan emango dute irabazlearen berri, abenduaren 6an. Alabaina, 2019ko Durangoko Azokara arte itxaron beharko dute bisitariek sormen bekaren lehenengo emaitzaz gozatzeko.
Guneei dagokienez, Areto Nagusiak Gogoetaren Plazako solasaldiak hartuko ditu; Ahotsenean, 70 kontzertu (Xabi Bandini, Gatibu, Hesian…) eta 42 solasaldi (Harkaitz Cano, Katixa Agirre, Edorta Jimenez…) izango dira; Saguganbarak umeentzako hamaika ekimen eskainiko ditu, ipuinen maratoi bat tarteko; Plateruenan, Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador arituko dira gauetan; Irudieneak egitarau oparoa eskainiko du (Gu, Laboa, Gure Oroitzapenak, Soinujolearen semea, Muga deitzen da pausoa…); Szenatokian, arte eszenikoen eskaintza zabala antolatu dute ("Txarriboda", "Baserri"…), eta Kabi@ Landako barruan egongo da.
Durangoko Azokak "bere aniztasuna" aldarrikatuko du abenduaren 5etik 9ra, "DA! asko dira!" leloari eutsita.
Txakur Gorria sormen kolektiboa da 53. Azokako kartelaren egilea, aurtengo irudia sortzeko sortzaile berriengana jo nahi izan dutelako. Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute kolektiboa.
Kartelean, "Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak" islatu nahi izan dituzte.
Lehenengo eguneko egitaraua
Egunean zehar prestatuko diren ekitaldien artean, Jasone Osorok Ihes liburuari buruzko hitzaldia emango du Ahotsenea aretoan. Jardunaldia gogoz bukatzeko, Xilema diskoko abestiak taularatuko ditu Huntza taldeak, 23:00etan hasita, Plateruenan.
Ahotseneko zuzenekoen artean ere, badira azpimarratzeko moduko zenbait: Akabu, Josu Bergara, Gatom eta Nizuri Tazuneri, kasu.
Ahotsenea guneak 70 kontzertu eta 42 solasaldi hartuko ditu
Ahotsenea ez da geldituko, 11:00etatik 20:00etara, ez solasaldien gunean ezta zuzenekoen karpan ere. 200 sortzaile baino gehiago elkartuko dira bertan.
Solasaldien gunean, makina bat idazlek hartuko dute hitza: Alaine Agirre (Kamisoi zuri zetazkoa, Erein; Oier, Erein), Harkaitz Cano (Fakirraren ahotsa, Susa; Mecanografiak, Txalaparta), Katixa Agirre (Amek ez dute idazten, Elkar), Gotzon Barandiaran (Hitzen ahairea, Susa), Pako Aristi (Rosa itzuli da, Erein), Idurre Eskisabel (Goseak janak, Susa), Edorta Jimenez (Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua, Txalaparta), Iban Zaldua (Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, Elkar) Unai Iturriaga, Jasone Osoro, Jon Arretxe, Oier Guillan…
Gainera, komikigintzak eta bertsolaritzak ere euren tartea izango dute solasaldien gunean.
Zuzenekoen karpari dagokionez, 70 musikari eta musika talde igoko dira agertokietara: Gatibu, Hesian, Izaki Gardenak, Nogen, Iker Lauroba, Egurra eta kitto, Skasti, Larregi, Leihotikan…
Esne Beltza, Huntza eta Anestesia, Durangoko Azokako gaueko kontzertuetan
Plateruena aretoak kontzertu handiak hartuko ditu gauero. Aurten, Esne Beltza, Huntza, Anestesia, Modus Operandi eta Olatz Salvador igoko dira kafe antzokiko agertokira.
Plateruenako egitaraua abenduaren 5ean hasiko da, Ikasle Egunean, Huntza taldearekin. Gipuzkoar taldea disko berria grabatzen ari da buru-belarri, eta prest izango du Durangoko Azokarako. Kontzertua 23:00etan hasiko da.
Bigarren egunean, abenduaren 6an, 23:00etan, Esne Beltzaren txanda iritsiko da. Xabi Solanok gidatzen duen taldea disko berria grabatzen ari da Mark Dasousa ekoizle valentziarrarekin (Zoo, Smoking Souls, Aspencat), eta Azokan zuzenekoa eskainiko dute berori aurkezteko.
Abenduaren 7an, Modus Operandi talde berriaren kontzertua izango da, 23:00etan. Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren proiektu berri honetan, Lauroba eta Vendetta taldeetako musikariak batu dira, ska musika eta fusioa lantzeko.
Hurrengo egunean, Anestesiak Gorrotoaren ahotsa diskoaren 25. urteurrena ospatuko du zuzenean. Kontzertua 23:00etan hasiko da, eta sarrerak 10 euroko prezioan eros daitezke.
Azkenik, Azoka amaitzeko proposamen lasai eta intimoagoa izango dugu abenduaren 9an. Olatz Salvadorrek Zintzilik bere lehenengo disko arrakastatsua aurkeztuko du Durangon, 20:00etatik aurrera, sarrera doan dela.
Garraio publikoa
Gerediagako presidenteak Azokara garraio publikoz bertaratzeko eskatu die herritarrei, eta doako autobus zerbitzua egongo dela gogoratu du, Landakotik Iurretako ordainleku inguruko aparkalekuetaraino, 20 minutuko maiztasunarekin.
Bestalde, EuskoTren konpainiak bere ohiko tren zerbitzua indartuko du abenduaren 6an, 8an eta 9an. Hiru egun horietan, arratsaldez, tren gehiago izango dira, bai Durangotik eta baita Durangora ere, joan-etorriak errazteko.