Sormen Beka
Atopiarpg euskarazko rol jokoarentzat izango da Azokako Sormen Beka
Natxo Velez | eitb.eus (Durango)
Etzi Portu Maritimoa kolektiboak Durangoko 2019ko Azokarako prest izango du rol jokoa eta horren liburua.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ATOPIArpg euskaraz inoiz sortutako lehen rol jokoaren proiektuak irabazi du Durangoko Azokaren Sormen Bekaren lehen deialdia. Etzi Portu Maritimoa kolektiboa dago egitasmoaren atzean, Xabier Landabidea, Galder Gonzalez, Beñat Irasuegi, Ohiana Calparsoro, Yerai Gascon, Unai Gorrotxategi, Gorka Salces eta Eneko Olazabal.
Itxaro Borda buru izan duen epaimahai batek aukeratu du proiektua, 28 proposamenen artean, eta, hartara, beraiei egokitu zaie 15.000 euroko diru laguntza. Bordak azaldu duenez, Atopiarpg "rol joko bat da, euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean, sortzaile talde dinamiko batek ekartzen duena. Irudimena eta irudiak lantzen dituzte, Euskal Herriko gaurkotasunean errotzen da eta umorea ere sartzen du narrazio eta komentarioetan".
Egileen esanetan, gabezia batetik abiatutako proiektua da honakoa, euskarazko rol jokoetan dagoen hutsunea betetzera datorrena, hain zuzen ere. Saria jasotzeko orduan, "harrituta" agertu dira Etzi Portu Maritimoa taldekoak: "Durangoko Azokan erosi nahiko genukeen liburua sortu eta jokatu nahiko genukeen jolasa sortuko dugu orain", azaldu du Xabier Landabidea kideak.
Bost talde edo fakzio irudikatuko ditu jolasak, sortzaileek azaldu dutenez, gaur egungo Euskal Herrian elkarren aurkako borrokan arituko direnak: konspiranoikoak; sistema defendatzen dutenak; marxialistak, zeinek marxismoa eta borroka arteak uztartzen baitituzte; desordena bilatzen dutenak; eta agentzia, informazioaren mertzenarioak.
Telegram talde baten bidez koordinatu eta gorpuztu dute egitasmoa, eta, gaurko agerraldian azpimarratu dutenez, irekia da erabat: "Prozesua ere jolasa izango da, eta nahi duenak parte hartzeko bideak jarriko ditugu eskura, Twitterren eta proiektuaren webgunean".
Xabier Landabidea, proiektuaren gainean