Disko-liburua
Auritz, argi izpi bat autismoari
Natxo Velez | eitb.eus (Durango)
Auritz taldea ‘Laino eder hori’ lana aurkezten dihardu Durangoko Azokan, heavy metala eta autismoaren inguruko dibulgazioa uztartzen dituen disko-liburua.
Bizartarrek, Gorka eta Mikel anaiek (Idi Bihotz, Flyin Freak, Jare), lotura estua izan dute betidanik autismoarekin, arlo profesionalean, eta kezka horri bide eman diote literaturaren eta musikaren, heavy metalaren, bitartez, egunotan Durangoko Azokan aurkezten ari diren disko-liburuan, Laino eder hori lanean.
Mikelek Durangon azaldu digunez, egun berean hasi zen euskarazko hitzak dituen diskoko musika eta gaztelaniaz idatzitako liburua sortzen, Jare taldearekin popera hurbildu eta gero, “berriz heavy metala egiteko gogo biziz”.
Horrez gain, halere, “beste motibazio bat behar genuen, mezu bat zabaldu”, dio Mikelek, “eta otu zitzaigun musikarako gure grina eta ume autistekin egiten dugun lana bateratzea. Hasieratik jakin genuen horrelako proiektu bat egitera gindoazela”. Eta hiru urteko lanaren emaitza da Laino eder hori.
Hiru urte horietan, Mikel etengabe egon da harremanetan autismoa duen seme baten amarekin, eta horrek egunero kontatzen zizkionak paperera bildu ditu bilbotar musikariak, gertakariak, umearen eguneroko bizipenak, han-hor-hemen fikzioz zipriztinduta.
“Opera rocka”
Diskoari dagokienez, Auritzen doinuak “opera rocka” direla adierazi du Mikelek. “Egiturari begira, opera bat da, eta liburuko zenbait pasarterekin bat datoz kantu batzuk. Musika denon artean konposatu dugu, eta, anaia eta biok Idi Bihotzetik eta Kapi taldekidea OSTetik datorrenez gero, esan dezakegu bi horien arteko nahasketa dela Auritz”.
Orain, kontzertuak emateko sasoia dute aurretik auriztarrek, eta, heavy metala ez ezik, mezua ere zabaltzen jarraitzeko erronka: “Jendeak autismoaren mundu zabala apurtxo bat hobeto ezagutzeko eta ondoarekin ulerberagoa izateko balio badu, gu oso pozik egongo gara”, bukatu du Mikelek.
Oraingoz, oso pozik daude Durangoko Azokan beren produktuak izan duen harrerarekin, eta larunbatean, hilak 8, “Kultura, guztion eskura” solasaldian parte hartuko dute, Landako Guneko Areto Nagusian.