Balorazioa
Durangoko 54. Azoka 'emankorra, orekatua eta oso jendetsua' izan da
eitb.eus
Gerediaga Elkarteak, Azokaren antolatzaileak, emandako datuen arabera, 110.000 bisita jaso dituzte lau egunetan.
Durangoko Azokaren 54. edizioa "emankorra, orekatua, oso jendetsua, anitza eta baikorra" izan da, Gerediaga Elkarteak kultura topagunea ixteko ordu batzuen faltan ohar batean jakinarazi duenez.
Gerediaga Elkartea eta Azokako guneetako ordezkariak pozik agertu dira: "Azoka aurretik esaten genuen Durangoko Azoka oso ekosistema berezia dela. Askok osatzen dugu Durangoko Azoka, eta, lau egunez, denon artean bizia eman diogu".
Bisitari kopuruari dagokionez ere, 54. edizioa oso jendetsua izan da. Datu zehatzei dagokienez, abenduaren 8ko arratsaldearen faltan, Durangoko Azokak 110.000 bisita jaso ditu. Egun guztien artean, abenduaren 6a izan da jendetsuena, 39.000 bisitarirekin. Horietako 5.000 lagunek, gainera, doako autobus zerbitzua erabili dute Landakora iristeko.
Azokako gune guztietako arduradunak pozik agertu dira lau egunean zehar izandako emaitzekin, eta aurtengo berrikuntzek ere harrera ona izan dutela adierazi dute. Musika Eskola Azokako espazio modura erabili da lehenengo aldiz, eta ondo atera da apustua. DA PRO, programatzaileak eta musika sortzaileak harremanetan jartzen dituen ekimena, izan da horren adibide.