Abenduak 6
Ahotsik ez dutenen oihua, Durangoko Azokan entzungai
Natxo Velez | EITB Media
"Korrontzi. Bidaia musikala urrutiko uretara" musika, argazkilaritza eta kronika uztartzen dituen proiektu solidarioa eta "Hala ere" dokumentala aurkeztu dituzte gaur Durangoko Azokan, topagunearen hirugarren egunean.
Korrontzi folk taldearen eta Salvamento Marítimo Humanitarioren, besteak beste "Aita Mari" beren jaioterrietatik atera behar izan duten errefuxiatuak itsasoan erreskatatzeko ontzia kudeatzen duen erakunde eredugarriaren, bideak aurtengo uztailean gurutzatu ziren lehenengoz. Agus Barandiaran trikitilariak gidatzen duen taldeak GKEak antolatutako kontzertu batean parte hartu zuen orduan, Victoria Eugenia Donostiako antzokian, eta trikitiaren bidez beraien lana gehiago hauspotzeko moduren batean pentsatzen hasi zen orduan Barandiaran, ezin baita normaldu jendea itsasoan hiltzea.
Emaitza "Korrontzi. Bidaia musikala urrutiko uretara" disko-liburua da, gaur Durangoko Azokan aurkeztu duten lan hirukoitza, Korrontziren eta beste hainbat musikariren doinuak, Aritza Bergara idazleak "Aita Mari"ren misio batean jasotako bitakora kaiera eta Alfonso Novo galiziar argazkilariak egindako argazki izugarriak uztartzen dituena.
'Korrontzi. Bidaia Musikala Urrutiko Uretara' lanaren aurkezpena
Mikel San Sebastian Salvamento Maritimo Humanitario elkarteko kideak gaur Landakoko Areto Nagusian egindako aurkezpenean azaldu duenez, oso pozik daude kulturaren bidez jendearengana iristeko aukera emango dielako Elkar argitaletxeak kaleratutako lanak: "Gure elkartasun mezua helarazi eta jendeari disfrutarazi egingo diogu".
Sei kantu batzen ditu lanak, musikari dagokionez, Iberiar penintsulan, Saharan, Kanarietan eta zorigaitzezko Mediterranio itsasoaren inguruko beste herri batzuetan zehar egindako bidaiaren sei geltoki, Barandiaranen hitzetan, eta berorietan parte hartu dute, beste askoren artean, Bieito Romerok (Luar na Lubre), Aziza Brahimek, Jesus Cifuentesek, Luís Peixotok, Xabier Amurizak, izen batzuk ekartzearren.
Esan gabe doa, disko-liburuarekin bildutako diru guztia erakundearentzat izango da, besteak beste "Aita Mari" bizitzak salbatzen dituen ontzian edo gerratik, miseriatik edo zapalkuntzatik ihes Kioseko (Grezia) errefuxiatu eremuan bukatu duten lagunei laguntza sanitarioa emateko lanean erabiltzeko.
Aurkezpenean, gainera, lan honen osagarri eta elkarteak egiten duenaren ikusgarri, joan den ostiraletik zinemetan "Aita Mari" Javi Juliok zuzendutako film dokumentala ikusgai dagoela ekarri dute gogora Mikel San Sebastián eta Peio Gorrotxategi Salvamento Marítimo Humanitario taldeko kideek.
IRAKURRI JAVI JULIORI PELIKULARI BURUZ EGINDAKO ELKARRIZKETA
Jendea itsasotik ateratzen jarraitu beharko du "Aita Mari"k, tamalez, guztion lotsagarri, eta orain, horrez gain, jende horri irudiak eta ahotsa eskaini dizkiete pelikula horrek eta disko-liburuak, horretarako eskubiderik ere ez baitute Eduardo Galeanok "ezdeusak" deitu zituen horiek, izanda ere ez direnek.
Liburutegi bat, senideak hil zituzten etxean
Bere burua Lehen Mundutzat bataiatu duen horrek altxatutako harresi lotsagarrietan zirrikituak bilatu eta itsasoratzen diren horiek denetariko zioak izaten dituzte dena arriskuan jartzeko, eta errealitate askotariko horretarako leihoa ireki du gaur "Hala ere"k, Irudienea ikus-entzunezko espazioan aurkeztu duten dokumentalak.
Suargi elkarteak ekarri du Azokako pantailara Kobane hirian kurduerazko liburuak eskaintzen dituen liburutegiaren historia, Sherwan Bilal Youssef zinemagilearen dokumentalaren bidez. Emanaldiaren kariaz, gainera, Kurdistango inguru horretako ordezkaritza bat izan da Durangoko Azokan: Nariman Mohammed (Siria Ipar eta Ekialdeko intelektualen eta idazleen batasunaren presidentekidea), Rawda Hasan (Jazira kantoiko kultura ministroa) eta Manal Mohammad (Kongra Star elkarteko kidea, Siria Iparraldeko emakume mugimendu guztiak barne hartzen dituen instituzioa).
Kobane hiriko ordeskaritza, gaurko proiekzioan
Kobane eta Durango, biak ere bonbardatutako hiriak, senidetuta daude 2017tik, eta gaur pantaila zuriaren bidez elkartu dituen istorioak Ednan Osman Hesen gazte kurdua du protagonista. Rody eta Perwin liburutegia zabaldu zuen Kobanen 2016an, jihadistek ia urtebete lehenago beraren ama, neba-arrebak eta beste senide batzuk hil zituzten etxe berean.
Horrela, odol artean arnasgune bat ireki zion Hesek kurduerari, horren transmisioari eta bizitzari, jendearen etorkizuna suntsitu zuen zapalkuntzaren eta gerraren ondoren. Ezdeusak, izen-abizenak dituzten pertsonak barik zenbakiak direnak, oro egiten berriz ere.
Eta zenbakiez ari garela, Peio Gorrotxategi Salvamento Marítimo Humanitario elkarteko kideak goizeko ekitaldian emandako datuen arabera, Hesenek bezala jaioterrian ametsak zeuzkaten 1.600 pertsona, 1.600 ezdeus, hil dira aurten Mediterraneoan erregistro ofizialen arabera (askoz gehiago izango dira).