Itxi

Abenduak 8

"Euskararen gramatika" aurkeztu du Euskaltzaindiak Durangoko Azokan, "euskararen XXI. mendeko gramatika"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Adolfo Arejita, Miren Azkarate eta Jesus Mari Makazaga euskaltzainek bi liburukiko lana ekarri dute Talaia espaziora, azken hogeita bost urteetan mundu osoko gramatikek bere egin dituzten kontzeptuak aintzat hartzen dituen liburua.

Miren Azkarate, Adolfo Arejita eta Jesus Mari Makazaga, aurkezpenean

Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordea 1980an abiatu zuten, eta hamaika urte geroago "Euskal Gramatika Lehen Urratsak" (EGLU) saileko lehen liburukia argitaratu zuen Akademiak, perpaus bakunei buruzkoa; sei liburuki gehiago etorri ziren gero, 2011ra arte (aditza, lokailuak, juntagailuak eta mendeko perpausak 1, 2 eta 3).

Orain, EGLU lanaren azken liburukia argitaratu eta hamar urtera, "Euskararen gramatika" lana aurkeztu du Akademiak, auzo hizkuntzetakoen pareko "gramatika duin eta homologagarria", Miren Azkarate euskaltzain osoak, sorreratik Gramatika Batzordearen kide den hizkuntzalariak, gaurko ekitaldian azaldu duenez.   

'Euskararen gramatika'

Azkaratek zehaztu duenez, milana orrialdeko bi liburukiko lan berria ez da orain arteko argitarapenen laburpen soila, ezpada egun hizkuntzalaritzan ondo hedatuta dauden kontzeptuak barneratu dituen euskararen gramatika berria. 1990etik ikertzaileek hitzetik hortzera darabiltzaten kontzeptu teorikoak gehitu zaizkie orain arteko ikerketei, hala nola flexioa, argumentu egiturak, ergatibitatea, aditz inergatiboak eta inakusatiboak, paper tematikoak, aditz psikologikoak

Horren ildotik, "Euskararen gramatika"n "deklinabide" eta "kasu sistema" kontzeptuak bereizi dira; hitz ordena aztertzeko, "sintaxi egitura" eta "informazio egitura" bereizi dira, ikuspegi zabalago batez; EGLUren lehen bi liburukietan izenari, adjektiboari, izenordainei, adberdioei eta  determinatzaileei eskainitako kapituluak goitik behera aldatu dira…

Lanaren berrikuntzen artean, gai aurkibide zabala (100 bat orri) azpimarratu du Azkaratek, 2 urtez landu duten arloa. "Adituek, ikasleek eta ikertzaileek aterako diote etekin gehien lanari, baina beste askok ere aurki dezakete informazioa gai aurkibideari esker. Demagun bait- menderagailuari buruz gehiago jakin nahi dugula, nahikoa dugu aurkibidera jo", azaldu du Miren Azkaratek.

Gainera, adibideak ugari daude testuan, eta gehienak XXI. mendeko corpusetatik hartu dituzte "hurrengo hamarkadan erreferentzia izan nahi duen lanean".

2.000 orriko bi liburutzarrek izutuko dituztenei mintzatu zaie Adolfo Arejita euskaltzain osoak, ekitaldia irribarre batez bukatzeko: "Umorez hasiz gero, entretenigarria eta maitagarria da gramatika".