Elkarrizketa
Katixa Agirre: "Neure buruaz seguruago edo sentitzen naiz, eskarmentua irabaztearekin batera"
Natxo Velez | EITB Media
"Amek ez dute" eleberriarekin arrakasta handia lortu eta gero, gasteiztar idazlea "Berriz zentauro" (Elkar, 2022) zientzia fikziozko eleberriarekin dago bueltan.
Katixa Agirre idazleak (Gasteiz, 1981) XXI. mende erdialdera eta Parisera jo du Berriz zentauro bere hirugarren eleberria girotzeko, 2015ean Atertu arte itxaron eta 2018an Amek ez dute argitaratu eta gero. Oraingoan, errealitate birtualak, errealitate areagotuak eta errealitate hedatuak itxuraldatu duten mundu bat irudikatzen digu Agirrek; "hein batean" itxuraldatu dutena behintzat, teknologia -ez dezagun ahaztu- helburuz mozorrotutako baliabidea baita, nahiz eta sakralizatuta aurkezten zaigun egun han-hor-hemen, seguru asko helburu eskuragarrien eskasiaren ondorioz.
Paula Pagaldai protagonistaren eskutik mugituko gara Parisen gora eta behera, OFtal betaurrekoak jantzita, Mary Wollstonecraft XVIII. mendearen bigarren erdialdeko ingeles idazlearekin batera (errealitate birtualaren abantailak), aurrerapen teknologikoek gizakien on-gaitzei zer bide itxi eta zabaldu dieten ikusteko.
Agirrerekin hitz egin dugu.
Paula Pagaldai protagonistak, istorio-sortzailea den neurrian, "botere bat" daukala eta "arduraren pisua" sentitzen duela esaten da liburuan. Zer gorputzaldirekin ekin zenion zuk liburu hau idazteari?
Ardura eta botere sentsazioarekin nik ere, beti bezala. Boterea, mundu berri bat sortzeko aukera ematen dizuna; eta ardura ere, gaizki aterako ote den beldur hori.
Hala ere, esan behar dut neure buruaz seguruago edo sentitzen naizela eskarmentua irabaztearekin batera. Hala ere, porrotaren aukera beti dago hor, eta horrekin jolastu behar.
Mary Wollstonecraften istorioa liburu batera eramateko nahia aspaldi darabilzula esan duzu. Nola antolatzen ditu idazleak bere buruan istorioak edo istoriogaiak? Batez erabat hustu behar duzu beste bati ekiteko?
Neure kasuan, bai. Amek ez duteren ondoren, oso hustuta geratu nintzen. Promozio lanak, gainera, hainbat hizkuntzatan, asko luzatu ziren, eta garai luze batean ez nuen beste ezer idatzi.
Gero, poliki-poliki, berriz sortzen da grina, eta kasu honetan Mary Wollstonecraften figura errekuperatu nuen, Amek ez dute idazten nuen bitartean dagoeneko inguruan nuen pertsonaia.
Zein neurritan gozatu eta zein neurritan, hala izatera, sufritzen duzu idazteko orduan?
Bietatik dago. Asko dibertitzen naiz eta poztasun handia sentitzen dut tarteka, baina beti dago puntu kritiko bat, erdibidea igarota, zeinetan lan guztia zaborretara botatzeko gogoa izaten duzun, galduta zauden, eta ez diozun zentzua ikusten. Momentu horretan, dezente sufritzen da ere.
Katixa Agirre
XXI. mende erdialdean eta Parisen kokatu duzu eleberria. Eleberrian esaten denez "orainaldiaren talaiatik, etorkizuna eta ametsak gauza bera" badira, zer espazio utzi diozu lilurari eta zein muga ezarri zure buruari, sinesgarritasunaren izenean?
Arazo bat izan da hori eleberri honetan. Izan ere, denbora eta espazio luzea eskaini dizkiot mundu baten sorkuntzari, etorkizun horretako klabeak deskribatzeari, eta gero azpitramak eta azpitramak etortzen zitzaizkidan burura.
Horri muga jartzea, eta hasierako ideia originalera lotzea erronka izan da.
Salbuespenak salbuespen, ebasiorako bidetzat eta nork bere burua asetzeko erabiltzen dute teknologia eleberriko pertsonaiek. Zergatik agortzen da komunikazioen teknologiaren aplikazioa, gutxi-asko, norberaren buruarengan?
Teknologiak berak hala ahalbidetzen duelako (eleberriaren kasuan, errealitate birtualeko betaurrekoen barruan gertatzen da, norbera bakanduta egon daitekeenean) eta baita sistemak hala bideratzen duelako ere: soluzio indibidualak arazo indibidualetarako.
Berez, badago teknologia modu kolektiboan erabiltzeko potentziala, baina zaila da asmatzen nola artikulatu hori, oso gizarte indibidualista batean bizi garelako.
Horrekin kontrakarrean, anti-unibertsitateko kideak gorpuztasunera, fisikotasunera, eta teknologiaz kanpoko bizimodura lerratzen dira, erresistitzeko. Aurrerapen teknologikoei erabat muzin egitea da berorren sortzaile eta sustatzaileek markatutako bidetik irteteko modu bakarra?
Lehenengo pausoa behintzat bai, konturatzeko teknologiarekiko mendekotasun hori ez dela saihestezina.
Konbentzimendu horretatik sor daitezke harreman ez hain patologikoak teknologiekin, kritikoagoak eta kontzienteagoak.
Hezkuntzak ere badu bere tokia eleberriko istorioan. Errealitate birtuala eremu horretan lagungarria izan litekeela uste duzu? Zer konpon lezake?
Bai, zoragarria izan daiteke Iraultza Frantsesa bertatik bertara ikustea, Asanblada Nazionalean egongo bagina bezala, diputatuen argudioak entzuten, adibidez.
Gauza bat bertatik bertara bizitzeak asko lagundu dezake ezagutzan eta ulermenean, eta horretan lagundu dezake errealitate birtualak.
Hesi zurrun asko urtu egiten dira eleberrian: identitatea, generoa, gizarte konbentzioak, distantzia eta denbora… Eta distopiaren eta utopiaren artekoa ere, nolabait. Zer zantzuk irekitzen dizute itxaropenerako tarte hori, hemen eta orain?
Humanitatearen historiak esperantzarako aukera ematen digu. Asko da gure espezieak lortu duena. Hondamendi askoren ostean, berriz altxatu da, eta hala egingo du etorkizunean ere.
Nola doa Amek ez dute eleberriaren zinemarako egokitzapena? Zelako lotura duzu proiektuarekin?
Gidoia idatzita dago, dirulaguntza gehienak bilduta… Hiru urteren ostean, errodajea noiz hasiko dago Mar Coll zinegilea.
Nire harremana gertukoa da, baina ez dut zuzenean parte hartu. Zinegilearen lana da orain, eta seguru pelikula ederra egingo duela.
Durangoko Azokako protagonistetako bat izango da Berriz zentauro. Bertan salgai egongo diren zein beste liburu edo diskok eman dizute arreta azkenaldian?
Badaukat nire zerrendatxoa. Gustatuko litzaidake erostea Jon Benitoren Lagun minak, Mikel Alvarezen Euskalia eta Nerea Ibarzabalen Bar Gloria. Zart kolektiboaren Loti (herrena) proiektuak ere nire arreta piztu du.