Itxi

''Irati'' filma

Ezpatak, liburu eta disko artean

Natxo Velez | EITB Media (Durango)

Leer en Castellano

Paul Urkijo Alijo zuzendariak eta Edurne Azkarate, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy protagonistek "Irati" fantasiazko pelikula aurrestreinatu dute Durangoko Azokako Irudienea espazioan.

Paul Urkijo Alijo, Itziar Ituño, Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoy

Paul Urkijo Alijo zuzendariak (Errementari) eta Edurne Azkarate, Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy aktore protagonistek Irati pelikula aurkeztu dute Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen espazioan, larunbat hotzarekin.

EITBren parte-hartzea duen pelikulak VIII. mendeko Euskal Herrira garamatza, biziera paganoen eta indarrez hedatzen, globalizatzen, ari den kristautasunaren arteko talkara; funtsean, Landakoko igarobideetan ehunka urte geroago, egunotan, entzuten den eztabaida betierekoarekin antzekotasunak ditu filmaren proposamenak: kultura emergentearen, kultura dominantearen eta hondar kulturaren arteko orekak definitzen du.

Marko horretan, baina, Paul Urkijok "amodio istorio bat" filmatu du, eguerdiko solasaldian azaldu duenez: "Irati ez da euskal historiari edo mitologiari buruzko pelikula eta ez da akziozko pelikula dibertigarria; euskal mitologiari, historiari eta akziozko zinemari idatzitako maitasun istorioa da", adierazi du arabar zinemagileak bere bigarren film luzeari buruz.

Produkzio ausarteko, estetika paregabeko eta maisutasun tekniko ikaragarriko filma "omenaldia" da, Urkijoren arabera. "Omenaldia da gauza txiki, ezberdin eta koloretsuei"; hortaz, "ezinbestekoa" zuen Durangon egotea, filmak euskal mitologiaren katebegi bat osatzea nahiko lukeelako zuzendariak, "Joxe Migel Barandiaranekin batera edo Su Ta Garren Mari kantuarekin batera". 

Fantasiazko eta abenturazko filmen generoaren mugetan eroso aritu da Urkijo Iratin, filmean oso presente dagoen musika lagun (Aranzazu Callejaren eta Maite Arroitajauregiren lana bikaina da), mitologiaz diharduenean harritzera eta gizatasunaz ari denean hunkitzera egiten duen pelikulan.

'Irati'

El ciclo de Irati (Jon Muñoz Otaegi eta Juan Luis Landa, 1995) komikiaren egokitzapen "oso librea" da Irati filma, eta, Eneko Sagardoy aktoreak esan duenez (izugarria da Sagardoyren pertsonaiei darien indarra), oso polita izan da prozesuan sentitzea "belaunaldiz belaunaldi pasatuko den zerbait egiten ari zaren sentsazioa".  

Otsailaren 24an iritsiko da Hegoaldeko zinema aretoetara Irati, berme modura ager dezakeela Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Donostiako Astean eta Sitgeseko zinema jaialdi ospetsuan Publikoaren Saria irabaztea, Goya Espainiako zinema sarietarako bost izendapen jaso izana eta gaur Durangon gertu-gertuko publikoak erakutsitako hunkidura eta emandako txalo zaparrada.